Zuzendarien Galeusca

Galiziar andreak ere, emigranteak

Berria, Maria Obelleiro, 23-05-2021

Kolonialismoaren gaitzek mendeak behar izaten dituzte erremedioren bat aurkitzeko. Ceuta, Melilla eta Sahara adibide paradigmatikoak dira, ederki erakusten baitute zer den subiranotasuna adjudikatzea arrazoi historiko eta kulturalei jaramonik egin gabe. Mendekotasun ekonomikoan segitzeak berekin dakar, besteak beste, lurraldeotako ekoizpen sistema desegin izana, desberdintasun soziala larriagotzea, eskulana neurriz gain ustiatzea —are gehiago, deslokalizazio prozesuen eraginez— eta herriak pobretzea.

Emigrazioa beti da miseriaren ondorio. Urteetan, goseak ehunka mila galiziar kanporatu zituen, eta Amerikara eta Europara bidean jarri. Gu, hain zuzen, Buenos Airesko eta Montevideoko kaitik barrena inolako paperik gabe sarturiko emakume eta gizon haien bilobak eta birbilobak gara. Haietako asko eta asko han geratu ziren betiko, eta itzuli zirenetariko gehienak, berriz, pobre eta maletarik gabe itzuli ziren, eta emigranteak izan ziren aurrerantzean ere, paperik gabekoak; orduko hartan, ordea, Europa garatu hartan inork nahi ez zituen lanetan enplegatu zituzten. Orain, Ceuta eta Melillako aldirietan zain dauden marokoar eta Afrikako beste herritar horiek ez dute egiten guk iraganean egindakoa baino: Europara heltzeko aukera itxaron, bizimodu duina lortzeko asmoz.

Marokok mutil eta mutiko etsiak baliatu aurretik ere Espainiako Estatuarekiko azkeneko liskarrean, edota Turkiak Ekialdeko gerra inperialistetako biktimak erabili aurretik ere EBrekiko borrokan, Espainiako gobernuek berek galiziar emigranteak erabiliak zituzten —hasi I. Berrezarkuntzan eta buka frankismoan—, bere ordainketen balantza orekatze aldera. Zaharrak berri, bada, Rabateko gobernuaren politikan eta Madrilgo haren homologoen erantzunean; murru berbera, arantza hesi bat bera eta hesietako labana berdintsuak, guztiak suntsituko zituztela hitzemanagatik ere behinola. Eta, bien bitartean, Espainiako enpresa handiek, Galiziakoak batzuek ere bai, ez dituzte eten Marokorekiko negozioak, errege etxeek sendo eusten diote elkarren adiskidetasunari, eta emigranteak hil egiten dira, nola hesian bertan hala itsasartea zeharkatzean.

Maria Obelleiro – ‘Nòs Diario’-ko zuzendaria

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)