Arrazakeria AEBetan. Asiar-amerikarrak

Birus baten estigma

Birus baten estigma

Berria, Iosu Alberdi, 23-05-2021

Ulergarria da herritarrek nahasmena, antsietatea eta beldurra sentitzea. Zoritxarrez, faktore horiek estereotipo kaltegarriak elikatzen laguntzen dute». COVID-19ak eragindako estigma sozialaz Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak eginiko azalpena da. Gehitu sentimendu horiei egoeraren «erruduna» behin eta berriz seinalatuko duen estatuburu bat, nahastu guztia, eta AEBetako asiar-amerikarrek azken urtebetean sufritutako erasoen eta diskriminazioaren gorakada dira emaitza. Hori bai, arrazakeriaren birusa ez da berria.

AEBetan, iazko urtarrilean atzeman zuten lehen COVID-19 kasua, eta, otsailean, gaixotasun hark eragindako lehen hildakoaren berri eman zuten. Larrialdi egoera, ordea, ez zuten ezarri martxoaren 16ra arte. Hainbat ikerketaren arabera, eritasuna herrialdean zabaldu izanaren arrazoi nagusiak Europan kutsatutakoen iritsiera eta gaixoek herrialdean zehar eginiko bidaiak izan ziren. AEBetako orduko presidente Donald Trumpek, ordea, argi eta garbi adierazi zuen Twitter sare sozialean, neurriaren berri ematean: «Birus txinatarra».

Hitz horiek eta kung-flu esapidearen gisako beste batzuk —kung-fu eta flu (sukarra) hitzen batura— gerora ere erabili zituen orduko presidenteak koronabirusari aipamen egiteko, eta hainbat aldiz egotzi zion Pekini gaixotasuna munduan zehar hedatu izana. Erretorika horrek presidentearen jarraitzaile erradikalen jomugan ezarri ditu asiar-amerikarrak, eta horren lekuko da Yulin Hswen Kaliforniako Unibertsitateko epidemiologoak eginiko ikerketaren emaitza: AEBetan, eritasunaz mintzatzeko Twitterren gehien erabiltzen ari ziren traola #covid-19 zen Trumpek txio hura bota arte; mezu haren ostean, berriz, #chinesevirus (birus txinatarra). Hori guztia, OME Osasunaren Mundu Erakundeak halako terminologia ez erabiltzeko eskatu ostean. Emaitza: ordutik aurtengo martxora bitarte, asiar-amerikarren aurkako 3.000 eraso baino gehiago baieztatu zituzten herrialdean; ia erdiak, lehen sei asteetan, Stop AAPI Hate elkartearen esanetan. Horien %8,7 eraso fisikoak izan dira, eta %71, ahozko jazarpena.

Datuek adierazten dutenaren jakitun daude asiar-amerikarrak, eta horien %81ek uste dute euren aurkako erasoek gora egin dutela iazko martxotik, Pew Ikerketa Zentroak eginiko azterketa baten arabera. Argi dituzte horren arrazoiak ere; modu batera edo bestera, arrazakeria eta COVID-19aren eraginak. Inkestatuen %20k, gainera, Trumpen jarrerarekin lotu dute zuzenean. «Trumpen lau urtek arrazakeria eta gehiegikeriak normalizatu dituzte. Etengabe asiarrak koronabirusaren erruduntzat jotzeak berekin ekarri du jendeak asiarrak aho betez diskriminatzea»: horra zentroak jasotako erantzunetako bat.

Beraz, gaiak ez die eragin txinatar jatorriko herritarrei bakarrik, baita Asiako hego-ekialdetik iritsitakoei eta haien ondorengoei ere; hogei herrialde baino gehiagotatik heldutako hogei milioi biztanle ingururi. Hala, Pew Ikerketa Zentroaren arabera, horien herenek mehatxu edo eraso fisikoren bat egingo dieten beldurra sentitu dute azken urtean. Beste talde etnikoena baino kopuru dezente handiagoa da hori; beltzen %21ek adierazi dute halakorik, latinoen %16k, eta zurien %8k.

Irainak eta oihuak

Beldur horrek baditu bere arrazoiak. Ikerketa beraren arabera, asiar-amerikarren %27k irain arrazistak entzun dituzte; beste horrenbestek sentitu dute inguruko jendea deseroso zegoela euren alboan; %16k jasan dituzte euren herrialdera itzultzeko zioten oihuak; eta %14 koronabirusa herrialdera iristearen erantzuletzat jo dituzte. Era berean, NBC telebista katearen azterketa batek azaldu du herrialdeko biztanleen %30 inguruk ezagutzen dutela pandemiaren errua asiarrei bota dien norbait.

Hainbatetan, ordea, urrutiago joan dira eraso arrazistak. Esaterako, martxoan, 21 urteko mutil batek zortzi lagun hil zituen tiroz Atlantan, horietatik sei asiar jatorriko emakumeak. Orduan, hiriko alkate Keisha Lance Bottomsek argi adierazi zuen: «Edozein zela ere gaztearen motibazioa, badakigu biktima gehienak asiarrak zirela. Badakigu, era berean, herrialdean zehar gertatzen ari den zerbait dela. Onartezina da, gorrotagarria da, eta amaiera eman behar zaio».

Esanetik eginera bada bidea, ordea, eta, kasu hartan, Poliziak uko egin zion hura arrazakeria kasu gisa definitzeari, argudiatuta erasotzaileak adierazi zuela bere sexu adikzioa zela medio eginiko «mendeku bat» zela. Horren atzean, asiar jatorriko pertsonen aurkako gorroto delituak definitzeko arazoak daude, adituen ustez. Hainbaten esanetan, ez dago haien aurkako diskriminazioa argi eta garbi adierazten duen sinbolorik, eta horrek larrigarri gisa ezartzea zailtzen du.

Egun, fiskalari edo akusazio partikularrari dagokio erasoen atzean arrazakeria egon izana frogatzea; esaterako, irain arrazista bat grabatua egotea edo testiguek haren berri ematea, aurrez gorroto delitu bat egin izana edota egileak bere burua erruduntzat jotzeko adierazpenen bat egitea.

Arau horien ondorioz, iaz New Yorken asiar-amerikarren aurkako 28 gorroto delitu baino ez zituzten baieztatu, hiriko Polizia Departamentuaren esanetan; hiri batean atzemandako kopuru handiena, San Frantziskoko Unibertsitate Estatalaren datuen arabera. Kopurua 2019koa baino bederatzi aldiz handiagoa da, baina icebergaren punta besterik ez, giza eskubideen aldeko hainbat erakunderen esanetan. Hiri hartan asiar jatorriko 1,2 milioi lagun bizi dira, populazioaren %14, eta, urteko lehen lau hilabeteetan haien aurka egin diren hainbat eraso hedabideetara iritsi diren arren, horietako bakar bat ere ez da gorroto delitu gisa ikertu, The New York Times egunkariaren arabera.

Baliteke, baina, hori aldatzear egotea. Senatuak eta Ordezkarien Ganberak onartu ostean, asiarren aurkako gorroto delituak tratatzeko lege proiektu berri bat sinatu zuen ostegunean Joe Biden presidenteak. Demokraten eta errepublikano gehienen babesa izan du, eta, presidentearen hitzetan, «denbora luzez herri hau jazarri eta estali duen pozoiari», hau da, arrazakeriari aurre egiteko balioko du: «Hauxe nire mezua sufritzen ari diren guztientzat: konpromisoa hartu dugu gorrotoa eta diskriminazioa eteteko».

Lege berriaren helburua gorroto delituak ikertzeko metodoak hobetzea da, Defentsa Departamentuaren barruan sail espezializatu bat sortuta. Era berean, kontzientziazio eta informazio kanpainak bultzatuko dituzte, eta salaketak jartzeko modua erraztu, ingelesa ez diren beste hainbat hizkuntza ere kontuan hartuta.

Zaharrak berri

Trump eta pandemiaren eraginak egoera larriagotzearen erantzule izan daitezkeen arren, ez dira arazoaren oinarria, asiar-amerikarren aurkako arrazakeria ez baita berria. Pew Ikerketa Zentroak 2019ko otsailean eginiko galdeketaren arabera, ordurako asiar-amerikarren %79 sentituak ziren noizbait diskriminatuta edo gaizki tratatuta beren arraza edo etniagatik. Pandemia aurreko urtea izan zen XXI. mendeko bigarren hamarkadan gorroto delitu gehien atzeman zen urtea, FBI Ikerketa Bulego Federalaren datuen arabera.

Are gehiago egin behar da atzera, baina, arazoaren muinera iristeko. Yellow peril (arrisku horia) hitzak sarri erabili ziren XIX. mendean eta XX.aren hasieran AEBetako hedabideetan, Asiatik iritsitako herritarrak mespretxatzeko —Txinatik iritsitako langileak, nagusiki—. Bide beretik, 1882an Chinese Exclusion Act araudia ezarri zuten (txinatarrak kanporatzeko legea), herrialde hartatik AEBetara iritsitako migrazioa mugatzen zuena, batik bat langileena. Era berean, hainbat eremutan kokatzea galarazi zitzaien. Gerora, II. Mundu Gerra betean, Pearl Harborko erasoarekin, japoniar jatorriko amerikarrak izan ziren arrisku hori irudikatu zutenak AEBetako gizartearen zati batentzat.

Ideia bera errepikatu da COVID-19aren garaiotan, Hannah Tessler, Meera Choi eta Grace Kai ikertzaileen arabera. American Journal of Criminal Justice aldizkari akademikoan argitaratutako artikulu batean, azaldu dute asiar jatorriko herritarrak beti atzerritar gisa ikusi direla, «AEBetan zenbat denboraz bizi izan diren kontuan izan gabe». Hala, ikertzaileek uste dute «erraza» izan dela horiek jatorri asiarreko eta bereziki txinatarreko herritarrak «atzerritartasun eta gaixotasun haragitu gisa» irudikatzea: «Izendapen kaltegarri hori mehatxu bat izan daiteke asiar-amerikarren segurtasunerako eta osasun mentalerako».

Gaixotasun infekzioso batek asiar jatorriko herritarrak jomugan jartzen dituen lehen aldia ere ez da egungoa. 2003an ere, SARS eritasuna AEBetara iristean, haiengan jarri zuten arreta. Kasu hartan, 8.100 lagun inguru gaixotu ziren munduan, eta 774 hil. AEBetan, ordea, zortzi lagun baizik ez ziren eritu, herrialde hartako CDC Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroaren arabera.

Zenbakiak zenbaki, asiarrek gaixotasuna kutsatu zezaketelako zurrumurruak eta albisteak tratatzeko moduak eragin nabarmenak izan zituzten, besteak beste, New Yorkeko Chinatown auzoan. Turista kopuruak behera egin zuen, eta negozioen irabaziek ere bai. «SARS kasu bakar bat egon ez arren, komunitate hura kutsatze eta arrisku eremu gisa identifikatu zen berehala. AEBetako herritarrak beldurraren epidemiak kutsatu zituen, ez gaixotasunak», azaldu zuen gaiaren inguruko ikerketa batean Laura Eichelberger antropologia irakasleak. Hainbeste, ezen herritarren %14k asiarren negozioetan kontsumitzea saihestu baitzuten.

Oraingoan, ordea, are latzagoa izan da kolpea. Chinatowngo negozioen irabaziek %84 egin zuten behera neurri murriztaileak ezarri aurretik ere. Eta neurriak martxan direnetik, beldurra eta erasoak izan dituzte eguneroko ogia.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)