Arrazakeria AEBetan. Afro-amerikarrak. Andre Perry. Soziologoa

«Afro-amerikarrek ez dute arrazakeria sistematikoaren amaierak konpondu ezin duen ezaugarri kaltegarririk»

Brookings institutuko ikerlariaren arabera, «disonantzia kognitiboa» dago arrazakeriari dagokionez goi klasekoen artean, «izan AEBetako zuriak, izan Israelgo juduak», eta gizartean inbertitzea da hori gainditzeko bide bakarra.

Berria, Arantxa Elizegi Egilegor, 23-05-2021

Black Lives Matter mugimenduak iaz egindako manifestazioek jendetza mugiarazi zuten, eta indar hura barruraino heldu zitzaien egunerokoan arrazakeriaren menpe bizi diren milaka afro-amerikarri, tartean, Andre Perry (Pittsburgh, AEB, 1970) soziologo eta ikerlariari. Perryren iritziz, baina, goizegi da garaipena aldarrikatzeko.

Zer da arrazakeria estrukturala? Nora begiratu behar da hura ikusteko?

Nire taldeak eta nik ikerketa bat egin genuen: afro-amerikarrak gehiengoa ziren auzoak alderatu genituen biztanle afro-amerikarrak %1 baino gutxiago zirenekin; hala, ikusi genuen afro-amerikarrak gehiengoa ziren auzo horietan etxeen balioa batez beste 48.000 dolar [39.200 euro] jaitsi zela. Afro-amerikar jabeek euren etxeei salneurria jarri behar dietenean, etxearen balioa bikoiztu egiten da haien lagun zuriak haiekin badaude hura prezio-finkatzaileari erakustean.

Nire taldeak beste ikerketa bat egin zuen erakusten duena gutxiengoen jabetza diren negozioek zerbitzu hobea eskaintzen dutela baita gehiengo afro-amerikarreko auzoetan daudenek ere, eta, hala ere, irabazi gutxiago dituztela. Azkenik, hezkuntzari begiratu genion. Ohartu ginen gobernuak, zerga murrizketen bitartez, familia aberatsagoak diruz laguntzen zituela; aldiz, afro-amerikarrek, zeintzuek aberastasun gutxiago duten historian zehar jasandako bazterketaren eta lehen aipatu tako debaluazioen ondorioz, gehiago ordaintzen dute hezkuntza berberagatik. Hori da arrazakeria estrukturalaren itxura: afro-amerikarren etxeei eta negozioei zurienei baino balio gutxiago ematen zaie, eta zuriek baino gehiago ordaindu behar dute zerbitzuen truke.

Inkesten arabera, zuriek ez dute afro-amerikarrek bezala sentitzen edo ikusten arrazakeria. Zergatik?

Disonantzia kognitiboa dago goi klasekoen artean, izan AEBetako zuriak, izan Israelgo juduak edo gaztelania hiztunak [Espainiako diktadore ohi Francisco] Francoren agintaldian. Errazagoa da zure pribilegioak ikusezin bilakatzea, onartzea baino zauden tokira heldu zarela zure kontroletik at dauden sistemako botereei esker. Afro-amerikarrak ohartzen dira euren izotza besteena bezain hotza dela. Badira bi aukera: edo afro-amerikarrak alferrak dira, ez dira azkarrak, eta gaizkia egiteko joera handiagoa dute; edo arrazakeria sistematikoaren ondorioz, gutxietsi egiten da afro-amerikarrek egiten duten lana, balioa kentzen zaie haien jabetzei, eta poliziaz betetzen dituzte haien komunitateak. Bi aukera horietako batek izan behar du egiazkoa; eta badakit ez dela egia afro-amerikarrak alferrak direla; besteak bezain azkarrak dira, eta ez dira gaizkileak. Afro-amerikarrek ez dute arrazakeria sistematikoaren amaierak konpondu ezin duen ezaugarri kaltegarririk. Hori badakigu.

Arrazakeriaren eta polizia indarkeriaren aurkako protestek kolore guztietako herritarren babesa izan dute. Zuriek ere parte hartu dute ekintza horietan. Beraz, zer da huts egiten duena?

Izugarri poztu nintzen ikusteaz arraza askotariko jendeak parte hartzen zuela polizia indarkeriaren aurkako eta George Floyden hilketa salatzeko protestetan. Baina, lehenik eta behin, iazko protestak aberrazio bat izan ziren, eta aurrez ez zen inoiz halako jendetzarik ikusi Black Lives Matter Mugimenduak antolatutako manifestazioetan. Itxaron egin beharko genuke inolako garaipenik onartu aurretik ikusteko honek jarraipena izango duen.

Bigarrenik, polizia indarkeriaren ondorioz hildako zibilen auzia arrazakeriaren aurpegi izugarrienetako bat den arren, ez da bakarra. Ez dut aldaketa nabarmenik ikusi haurdun afro-amerikarren hilkortasun tasan. 1,9 aldiz afro-amerikar gehiago hil ziren iaz COVID-19aren ondorioz; bi arrazoi nagusi daude horretarako: komorbilitate handia, eta zuriek baino askoz afro-amerikar gehiagok lan egiten dutela gure osasun zerbitzuetako lehen lerroan, azpiegituretan eta elikadura sisteman. Beraz, ederra izan zen arren zuriak gure aliatu gisa ikustea polizia indarkeriaren aurkako protestetan, askoz gehiago dira afro-amerikarrentzat kaltegarriak diren ereduak.

Adituek ohartarazi dute egungo arrazakeria ez dela 1930ekoa edo 1960koa bezalakoa, sotilagoa baizik, arriskutsuagoa. Ados zaude?

Ez dut uste inork aldatu nahiko lukeenik egungo egoera 1930ekoarekin edo 1960koarekin, edo atzera egin nahiko lukeenik giza eskubideen ekintzaileek tarte honetan egindako urratsetan. Hala ere, arrazakeria orduan bezain nabarmena eta arriskutsua da egun. Sotilagoa dela diogu bazterketa modu batzuk legez kanpoko bilakatu direlako, zehazki 1964ko giza eskubideei buruzko itunaren ondoren. Egoera zaila da, estatubatuar batzuek hori baliatzen dutelako oraindik badauden arrazakeria sistematikoaren ondorio batzuk ezkutatzeko edo gutxiesteko, eta arrazan oinarritutako bazterketa larriak gertakari bakan gisa aurkezteko, hala ez izan arren.

Zertan oinarritzen da arrazakeria? Azalaren kolorean bakarrik? Hau da, afro-amerikar aberatsek irabazi gutxiago dituztenen tratu bera jasotzen dute?

Arraza eta klasea nahastu egiten dira, eta afro-amerikar aberatsen bizitza aukerek ez dute zerikusirik irabazi gutxiago dituzten gizon-emakume afro-amerikarrenekin. Nik arrazan jarri nahi dut arreta, eta nola horrek eragiten duen identitate guztietan: generoan, klasean, migranteen estatusean, eta abar. Hala, arraza konstante bat da, arrazakeria aztarnak daude irabazi askoko eta gutxiko afro-amerikarrekiko tratuan, haien sexua eta bizilekua edozein dela ere. Honekin ez dut esan nahi arraza erabakigarria denik, baina arrazakeriak beti zailtzen die bizitza zuriak ez direnei.

Nondik hasi beharko litzateke gizarte berdinago bat eraikitzen?

Gizarte berdinago bat eraikitzeko pertsonetatik hasi beharra dago. Pertsona bakoitza aktibo gisa ikusten badugu, orduan has gaitezke inbertitzen, eta aktibo multzo hori indartuko duen gizarte berdin bat eraikitzen hasi. Uste dut afro-amerikarrentzat bi abiapuntu nagusi daudela; lehena errespetua da. Lehenik eta behin, haien bizitzak errespetatzea esan nahi du horrek, bermatuz Konstituzioak jasotzen dituen eskubide politikoak betetzen direla. Esan nahi du, baita ere, jakitun izatea oker handiek, logikoa den moduan, haserre handia eragiten dutela.

Bigarrena da afro-amerikarren aktiboak berriz ebaluatzea. Komunitatearen aktiboen gatazka orain gertatzen ari da, aktibo horiei ukatu egin zaielako euren benetako balioa. Gure ikerketak dokumentatu du afro-amerikarrak gehiengoa diren barrutietan dauden etxeak eta negozioak gutxietsiak daudela euren kalitateari dagokionez. Beste hitz batzuetan esateko, arrazakeriak jaitsi egiten du jabetzen merkatuko balioa, edonon daudela ere, afro-amerikarrenak baldin badira.

Balio hori berreskuratzeko jendearengan inbertitu behar da, besteak beste, irakasleei gehiago ordainduz, polizia profesionalagoa bultzatuz, etxeak erosi eta negozio berriak zabaltzeko interes gutxiko maileguak eskainiz, eta hezkuntzarako diru laguntzak banatuz. Afro-amerikarrak gehiengo diren eremuetako azpiegituretan ere inbertitu behar dugu: garraioan, eskola azpiegituretan, hondakinen kudeaketan eta liburutegietan. Epe luzeagoan, afro-amerikarrek berdintasunean parte hartu behar dute merkatuan, soldata hobeak izan, eta euren goranahian eta talentuan oinarritutako aberastasuna. Hori ez da gertatuko tokian tokiko gobernuei aukera ematen zaien bitartean segregazioak sortutako banaketa legeei eusteko; lege horiek afro-amerikarrak etxebizitza merkatutik at eta bakartuta uzten dituzte, baliabide gutxiko eskoletara eta auzoetara mugatuta.

Giza eskubideen aldeko beste mugimendu baten beharra dago? Edo komunitateetatik hasi behar da goranzko eraikuntza?

Dagoeneko badugu giza eskubideen mugimendu bat. Black Lives Matter mugimendua gizarteko alor guztietara heltzen den ekinaldi bat da, hasi polizia indarkeria amaitzearen aldeko borrokatik, erreparazioetara eta langile afro-amerikarrak baliatzen dituen kapitalismoaren aurka egiteraino. Joan den urtean ikusi genuen nola mugimenduak jendetza atera zuen kalera, funtsak bildu, eta polizia erreforma nabarmenak sustatu zituen herrialde osoan.

Inkestek erakusten dute are zailagoa dela arrazismoaren arazoa errepublikanoei ulertaraztea, baina afro-amerikarren artean ere badira haien alde bozkatzen dutenak.

[Donald] Trumpek hobeto asmatu zuen hautesle afro-amerikarrengana hurbiltzen 2020an, 2016an baino, eta Mitt Romneyk 2012an baino hobeto ere bai; hala ere, nazio mailan, afro-amerikarren %8ren botoak eskuratu zituen. Esango nuke bloke handi bat Alderdi Errepublikanoa gaitzestetik gertuen egon den garaia izan zela, kontua izanik 2020 hartan testuinguru politikoa zein zatituta zegoen.

Garrantzitsua da ohartzea errepublikanoek orokorrean, eta zehazki Donald Trumpek berak, ez dituztela arrazakeriaren ondorioak kontuan hartzen nik nahiko nukeen moduan, baina ezta demokratek eurek ere. Joe Bidenek berak adierazpen baikorrak egin ditu kanpainan eta presidentetzako lehen hilabeteetan, baina, hala ere, Biden bera izan zen 1994az geroztik milioika afro-amerikar espetxera bidali dituen Krimenaren Legea bultzatu zuena. Bera da 2005eko porrot ekonomikoaren legearen egilea ere, zeinak ikasle garaiko maileguen menpe utzi zuen langile afro-amerikarren belaunaldi oso bat. Beraz, afro-amerikarrek errepublikanoak maite ez dituzten arren, ez dute arrazoi askorik demokratengan sinesteko ere.

Zer neurri politiko beharko lirateke arrazakeriaren aurka egiteko?

Neurri politikoei dagokienez, New Schooleko nire lankide Darrick Hamiltonek eta biok proposatu dugu AEBetako Gobernu Federala izan dadila arrazen arteko elkarbizitza eta gutxiengo etnikoen bizimodua hobetuko duten neurri ekonomikoak hartuko dituena. Eredu hori bere egin dezakete estatuek, hiriek eta herri txikiagoek.

AEBetan badira lege arrazistak?

Arrazakeriak, antzinatik datorrenak eta gaur egungoak, bizitzaren alor guztiak kutsatu ditu, AEBak joko eremu mailakatu bat bilakatuaz. Esklabotza erraztu zuten politikek, Jim Crow legeak bultzatutako segregazioak, etxe salerosketen atzean dagoen bazterketak eta espetxeen industriak ez dituzte afro-amerikarren aktiboak mugatzen eta gutxiesten soilik, eta haien aukerak baldintzatzen; politika horiek berek zuritasuna saritzen dute eta zuri estatubatuar askorentzat aberastasuna sortu, beste batzuen kaltetan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)