Migrazioa

Marokok Ceutarako pasabidea itxi du, azalpenik eman gabe

Espainiaren menpeko koloniara sartu zain zeuden ehunka lagun etxera itzuli dira. Bakarrik heldu diren adin txikikoak hartzeko deia egin die erkidegoei Madrilek

Berria, Arantxa Elizegi Egilegor, 20-05-2021

Marokok indar erakustaldi bat egin zuen asteartean, argi utzita zer gerta litekeen bere nahiak bete ezean. 24 ordu eskasean 8.000 lagun inguruk igaro zuten Fenideq (Maroko) eta Espainiaren kolonia den Ceutaren arteko hesia, igerian batzuek, oinez besteek. Rabatek ez zuen segurtasuna arindu izanaren azalpenik eman. Baina Giza Eskubideetarako ministro Mustafa Ramidek adierazi zuen Madrilek jakin bazekiela zer gerta zitekeen Fronte Polisarioko idazkari nagusi Brahim Ghaliri osasun arreta ematea erabaki zuenean.

Azkenean, Marokok atzo goizean itxi zuen Tarajaleko pasabidea, beste behin inolako adierazpen ofizialik egin gabe, eta, Ceutara igarotzeko itxaropenarekin, inguruetan bildutakoak etxerantz abiatu ziren. Madrilek aurreko orduetan kanporatu zituen Espainiaren koloniara igarotako milaka lagunetatik 4.800. Gobernuz kanpoko erakundeek, ordea, salatu dute Marokora bidalitakoetatik asko adingabeak zirela —nagusien kasuan ez bezala, bakarrik doazen adin txikikoak hartu egin behar dituzte herrialdeek—.

Gertatutakoa Europaren eta Espainiaren migrazio politikekin lotu dute hainbat erakundek, eta idatzi bat plazaratu dute horiek aldatzeko eskatuz. Gaitzetsi egin dute Ceutan gertatutakoaren aurrean Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek hartutako jarrera, eta mugara armada eta ibilgailu blindatuak bidaliz erantzun izana giza krisiari: «Alderdiek alde batera utzi beharko lituzkete alarma zabaltzen duten, migratzaileak kriminalizatzen dituzten eta istiluak bultzatzen dituzten mezuak, horiek baitira gorrotoa sustatzen dutenak». Oharraren sinatzaileen artean daude Andalucia Acoge, SOS Arrazakeria Federazioa eta Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordea.

Bestalde, Espainiako Migrazio Sareak eskatu dio arartekoari iker ditzala Madrilek egindako kanporatzeak. «Han dituzten baliabideak kontuan harturik, ezinezkoa da legea betez 4.000 lagun kanporatu izana horren ordu gutxian, eta tartean adingaberik ez zegoela ziurtatuta».

Jaurlaritza, lanerako prest

Espainiako Eskubide Sozialen ministro Ione Belarrak ezohiko bilera batera deitu zituen atzo erkidegoak, Ceutara heldutako migratzaileez hitz egiteko. Izan ere, apirilaren amaieran egindako Lurralde Kontseiluan erkidegoek adostu zuten diruz laguntzea bakarrik heltzen diren migratzaile adingabeak hartzen dituzten erkidegoei, eta zehazki mugan daudenetara heltzen direnak hartzeko prest agertzen direnei.

Eusko Jaurlaritza izan zen Belarraren deiari erantzun zionetako bat, eta, bilkuraren ostean, Jaurlaritzak jakinarazi zuen adingabe horietako batzuk hartuko dituela. Hori bai, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalen ustetan, Espainiako erkidegoekin izango den «banaketaren kriterioak orekatuak» izan behar dira, eta ohartarazi zuen «politika sozialen erantzuna adabaki bat besterik ez» dela «migrazioaren egiturazko fenomenoaren» aurrean.

Inma Gonzalez abokatua

«Ez dugu prozedurak betetzen ari direla esateko bermerik»

Andalucia Acoge erakundeko kidea da Inma Gonzalez abokatua (Caceres, Espainia, 1990). Astearteaz geroztik, esku bete lan dabiltza gobernuz kanpoko erakundean, Ceutako egoera argitu nahian, eta komunikabideen deiak erantzuten.

Zein da ohiko lege prozedura paperik gabeko migratzaileak iristen direnean?

Arretak banakakoa izan behar du, hau da, migratzaile bakoitzari egin behar zaio elkarrizketa, haren egoera zein den ezagutu eta asiloa eskatzeko asmoa duen jakiteko. Horretarako, gehienez, 72 orduko epea du administrazioak. Elkarrizketa hori eginda, kanpora ditzakete migratzaileak. Epe hori igarota, prozesua luzatu egiten da, atzerritarrentzako zentro itxi batera bidal ditzakete, edo aske utzi, baina kanporatze agindu batekin. Betiere adinez nagusiez ari garenean; adingabeentzako prozedura bestelakoa da.

Ceutako kasuan, kontua da Madrilek eguerdirako esan zuela 4.000 inguru zirela kanporatutakoak, eta, guk dakigula, han ez zegoen ofiziozko abokatu nahikorik horrenbeste jenderi elkarrizketak egiteko. Horregatik, kopuru horiek eta baliabide eskasak aintzat hartuta, ez dugu prozedurak betetzen ari direla esateko bermerik. Egia da astearte arratsaldetik aurrera ofiziozko abokatuak heldu zirela, eta elkarrizketak egiten hasi zirela; baina, hala ere, kopuruak oso altuak dira.

Zenbait iturrik zabaldu dute Madrilek Espainiaren eta Marokoren arteko akordioa baliatu duela kanporatze horiek egiteko.

Bai, hala zabaldu dute zenbait komunikabidek, Espainia Marokorekin 1992an adostutako hitzarmena baliatzen ariko litzatekeela migratzaileak kanporatzeko. Baina testu horren lehen artikuluak jasotzen duenez, soilik marokoarrak edo espainiarrak ez direnak kanpora ditzakete akordioaren babesarekin. Beraz, Ceutara iritsitakoetatik gehienak marokoarrak zirenez, ezingo lukete hitzarmena baliatu haiek kanporatzeko.

Ildo horretan, kezkatzen gaitu migratzaileei banakako arreta ez eskaintzeak, hori delako modu bakarra banako edo talde kalteberak identifikatzeko, eta pertsona horiei nazioarteko babesa eskatzeko aukera emateko.

Nazioarteko legeek ahalbidetzen diote Espainiari migratzaileak elkarrizketarik gabe kanporatzea?

Ez. Ondo izatera prozedurak eta denborak errespetatu behar dituzte. Beste kontu bat da Marokorekin duten akordioa guk ezagutzen ez dugun modu batera interpretatu izana. Baina gainontzean arauak bete behar dituzte.

Salaketarik aurkeztu dute kanporatzeekin lotuta?

Oraingoz ez dugu inolako salaketaren berririk. Baina egia da erakunde batek baino gehiagok esan digutela bertatik bertara ikusi dutela nola Espainiako segurtasun indarrek migratzaileak iritsi bezala kanporatzen zituzten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)