Kanadako Proud Boys eskuin muturreko taldea desegin da

Urte hasieran «erakunde terrorista» izendatu zuten taldea, eta AEBetako Kapitolioaren aurkako erasoan parte hartu zutelakoan.

Berria, Arantxa Elizegi Egilegor, 03-05-2021

Bere kabuz desegin da Proud Boys eskuin muturreko taldearen Kanadako adarra. Ohar batean jakinarazi du mugimenduak erabakia, baina aldi berean leporatzen zaizkionetatik errugabe dela. Ottawak urte hasieran terroristatzat jo zuen taldea, besteak beste, urtarrilean AEBetako Kapitolioaren aurkako erasoan parte hartzea egotzita.

Eskuin muturreko taldeak ateratako komunikatuan ukatu egiten dute supremazismo zuria bultzatzea: «Arotzak, ekonomia aholkulariak, mekanikariak… gara; baina batez ere aitak, anaiak, osabak eta semeak, ez terroristak».

2016an sortu zen taldea Kanadan, han eta AEBetan «maskulinitatearen aurkako" jotzen zituzten hainbat ideiari aurre egiteko. Bi urte geroago Facebook eta Instagram sare sozialek debekatu egin zituzten haren kontuak, gorrotoa bultzatzen zutela argudiatuta. FBIak berak muturreko erakunde gisara sailkatua du taldea. Urtarril amaieran, berriz, Kanadako Parlamentuan mozio bat aurkeztu zuten, mugimendua «terrorista» izendatzeko eskatuz. Proposamena onartu egin zuen ganberako gehiengoak, nahiz eta erakundean zuzeneko eraginik izan ez.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)