AEB-AK

Derek Chauvin polizia George Floyd hiltzeagatik errudun jo dute

Kargu guztiengatik errudun dela ebatzi dute, eta larrienarengatik 40 urte arteko espetxe zigorra ezar diezaiokete. Epaileak zortzi asteko epean jakinaraziko du zigorra.

Berria, Berria, 20-04-2021

Derek Chauvin polizia George Floyd hiltzeagatik erruduna da. Hala ebatzi du, aho batez eta bi egunean 10 orduz bilduta egon ondoren, AEBetako Minnesota estatuko Hennepin konderriko auzitegiko epaimahaiak. Chauvin kargu guztiengatik errudun dela ebatzi du: bigarren graduko hilketa, hirugarren graduko hilketa eta bigarren graduko homizidioa.

Kargu larrienarengatik 40 urte arteko espetxe zigorra ezar daiteke; hirugarren graduko hilketarengatik, 25 urte artekoa, eta bigarren graduko homizidioagatik hamar urte artekoa. Peter Cahill epaileak jakinarazi du zortzi asteko epean jakinaraziko duela zigorra.

Kanpoan sententziaren esperoan ziren herritarrek pozez hartu dute epaimahaiaren ebazpena, eta beltzen eskubideen aldeko eta arrazakeriaren aurkako elkarteek ere ongi hartu dute, nahiz eta ohartarazi duten funtsean dagoen arazoa ez dela konpondu. «Espero dugu epai honek erakutsiko duela supremazismo zuriak ez duela irabaziko», adierazi du Black Lives Matter mugimenduak, ohar batean. «Supremazismo zuriak ez du tokirik demokrazian, bereziki bizitzeko askatasuna bermatu behar dutela suposatzen denen artean».

NAACP Herritar Beltzen Garapenerako Mugimendu Nazionalak, berriz, adierazi du justizia eman zaiola Chauvini, baina «beltzen bizitzaren errespetuaren eta poliziaren erantzukizunaren aldeko borroka bukatzetik urruti» ikusten du. AEBetan, orain arte, polizien aurkako epai gutxi izan dira arrazakeria kontuetan, eta ekintzaile askok uste dute Floyden epaia mugarri izan daitekeela.

Ildo beretik jo zuen Joe Biden AEBetako presidenteak, eta pozik agertu zen «justizia» egin delako. Floyden anaiarekin izandako telefono dei batean, gainera, polizien praktikak aldatzeko erreformak egiteko hitza eman zuen.

Ia urtebeteko auzia

Chauvin polizia zuriak iazko maiatzean hil zuen Floyd herritar beltza, AEBetako Minneapolis hirian. Beste polizia batzuekin batera atxilotu zuten, eta Chauvinek belauna lepo gainean jarri zion Floydi bederatzi minutuz eta 29 segundoz. Atxiloketa osoa bideoan grabatu zuten inguruan ziren herritarrek, eta mundu osora zabaldu ziren irudiak. Epaiketan froga nagusietako bat izan dira bideo horiek.

Irudietan argi entzun zitekeen Floyd behin eta berriz kexatu zela itolarriaz, baina ez Chauvinek, ezta haren kideek ez zioten jaramonik egin. Azkenean, Floydek konortea galdu zuen. Poliziaren bertsioak dio nabaritu zutela «zailtasun medikoak» zituela eta anbulantzia bati deitu ziotela. Ospitalean hil zen. Herrialde osoan arrazakeriaren aurkako protesta olatu handia sortu zuen Floyden hilketak.

Joan den martxoan hasi zen Chauvinen aurkako epaiketa, eta atzo bukatu zen.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)