Euskara
Gaur egingo dute Arnasa Gara kanpainako laugarren elkarrizketa, Xsakara musikariarekin
Xsakara abeslariari egingo diote Arnasa Gara kanpainako laugarren elkarrizketa. Arnasguneetan bizi den jendeak beste udalerrietara joatean eragiten duten «antena efektuaz» hitz egingo dute, besteak beste.
Berria, , 14-04-2021«Hurbiltasunari, konfiantzari eta konplizitateari atea zabal diezaioke euskaraz egiteak». Horrela dio Nor da Tomas Hidalgo bideoaren harira Arnasa Gara kanpainaren barruan zabaldutako testuak. Udalerri euskaldunetatik ateratzean jendeak erdaraz mintzatzeko duen joeraz hitz egiten du, eta, hain justu ere, horren inguruan hausnartuko dute gaurko elkarrizketa digitalean. Xabier Gutierrez Xsakara musikariarekin egingo dute laugarren elkarrizketa, eta 17:00etan izango da ikusgai, BERRIAren Instagram kontuan.
Graxi Arregi, Ainhoa Etxebarria eta Mikel Irazusta antzezleak dira ikus-entzunezko pilularen protagonista. Taberna batean eserita daude Irazusta eta Arregi antzezleak, garagardo banarekin, eta beste mahai batean dago Etxebarria. Azken hori barrara hurbiltzen denean, Irazusta hurbiltzen zaio, berarekin ligatu nahian. «¿Tomas algo?» galdetzen dio, gazteleraz. Euskaraz egin dezakeela erantzuten dio besteak, eta gizonezkoak, guztiz lotsatuta, horrela erantzuten dio: «Tomas Hidalgo naiz». Hala, solasaldi surrealista batean murgiltzen dira biak ala biak. Azken batean, euskara ez erabiltzeagatik lotsatu egin da Irazusta, eta askotan gertatzen den testuinguru bat islatzen du: «Zertarako aldatu erdaretara kalean, taberna giroan edo harremanei ekiterakoan ere euskaraz gusturago moldatzen bagara».
Duela zenbait aste aurkeztu zuten Arnasa Gara kanpaina, Uemaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren artean, eta udalerri euskaldunetako eta euskararen arnasguneetako testuinguru ugariak zein diren xehatzea du helburu. Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitako zortzi ikus-entzunezko dira kanpainaren ardatza, eta bideo horietako bakoitzean udalerri euskaldunetan ohikoak diren zenbait testuinguru ikus daitezke. Gaur egingo dute laugarren ikus-entzunezko pilulari buruzko zuzeneko elkarrizketa, Xsakara abeslariarekin, eta datozen asteetan ere beste pilula batzuen inguruan jardungo dira beste hainbat gonbidaturekin. Testuinguru horri lotuta, zozketa bat ere jarri dute abian, Arnasa Gara-ren Instagram kontuan.
(Puede haber caducado)