Mito bat erori zen Frantzian

Berria, 30-06-2006

jon ordoñez

Aurten inork ez gaitu engainatuko. Espainia eta Frantziaren arteko partidan bistan zegoen zein zen bien arteko ezberdintasunetako bat. Asko dira, eta horietako bat da etorkinen oinordekoek selekzioan duten presentzia. Jean – Marie Le Pen Frantziako eskuin muturreko liderra kexu zen: «Jokalari beltzen kopurua handiegia da». Akaso, nahiago zukeen Espainiako selekzioaren itxurakoa izatea Frantziakoak. Baina ez. Fabien Barthez atezaina zuria da, baina espainiarrek bezala ez du ereserkia kantatzen, eta hori ere kritikatu du Le Penek.

«Ez luke taldea hainbeste kritikatu behar, jokalari guztiak baitaude Frantziako koloreekin jokatzeaz harro», erantzun dio Raymond Domenech hautatzaileak. Bera ere etorkinen semea da, kataluniar jatorrikoa. Oraingoan, ordea, inork ezin digu esan selekzioa Frantziak etorkinekin duen politika integratzailearen eredu dela. Iazko udazkeneko kale istiluek garbi utzi zuten: Espainian bezala, Frantzian ere badago bazterketa, eta selekzioaren proportzioak ez du hori islatzen. Ez da soilik liskar egun batzuetako kontua. Domenechek badaki Frantziak Espainiatik joandako errefuxatuei eman zien tratuaren berri, eta ez dio barkatu. Ez gaituzte engainatuko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)