Arrazakeriaren aurkako Nazioarteko Eguna
Etorkinentzako etxebizitza eskubidea aldarrikatu dute
Mobilizazioak egin dituzte arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako nazioarteko egunean, igandean. Bilbon migratzaileek higiezinen sektorean jasaten duten arrazakerian egin dute azpimarra, eta Donostiako martxan paperik gabeko migratzaileen babesgabetasuna salatu nahi izan dute.
Berria, , 22-03-2021Arrazakeriak etxerik gabe uzten nau. Etxebizitza denontzat. Bizkaiko SOS arrazakeria taldeak etxebizitzan jarri du fokua aurten, arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako nazioarteko egunean, eta lelo hori erabili dute igandean Bilbon egin duten manifestazioan. Irakurri duten manifestuan azpimarratu dute oraindik ere arrazakeria eta xenofobia direla gaur egun «giza eskubideak urratzeko modu nagusienetako bat, bizitzako esparru guztietan».
Hainbat eragilek eta faktorek arrazakeria legitimatzen dutela salatu dute, besteak beste, erakundeek, adin txikiko atzerritarren babes faltak, arraza dela-eta andreek zaintzaren arloan jasaten duten eskubide faltak, botoa emateko eskubiderik ezak…
Hortaz gain, gaitzetsi dute etorkinei eta ijitoei osasuna, hezkuntza edo bizilekua edukitzeko eskubidea ukatzen zaiela ere. Horretan jarri dute arreta berezia gaur, eta kasu zehatz batzuk seinalatu dituzte, gehienak higiezinen sektorearekin lotutakoak: etxe agentziek eta etxebizitzak alokatzen dituztenek arraza dela-eta ematen duten tratu baztertzailean, udalek erroldan sartzeko jartzen dituzten zailtasunetan, auzokide arrazistek eragindako dituzten jazarpen eta oldarraldietan eta etxebizitzen prezioen espekulazioan, besteak beste.
Gipuzkoan, berriz, Zure papera garrantzitsua da zioen arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka egiteko gaur Pasaiatik Donostiaraino eraman duten pankartak. Haiek paperik gabeko migratzaileen babesgabetasuna salatu nahi izan dute. Azaldu dute papergabeek «batere eskubiderik ez izatearen eguneroko infernuan» bizi behar izaten dutela, eta jakinarazi dute egoerak okerrera egin duela pandemiaren ondorioz. Gogoratu dute, halaber, etorkinek eskubideak dituztela, edozein administrazio egoeratan egonagatik ere, eta paperik ez edukitzea ez dela delitua: «Inor ez da ilegala».
(Puede haber caducado)