ATZEKOZ AURRERA
Sarraskiari so, hitzik gabe
Nazien Auschwitzeko kontzentrazio esparruari buruzko erakusketa bat inauguratu dute asteon Donostian. Bisitariak hunkituta ateratzen dira Koldo Mitxelena kulturunetik.
Berria, , 31-01-2021Herritarrak, argazkiei begira, panelak irakurtzen ari dira, isil-isilik. Bideo baten hitzak entzuten dira, baina bisitarien hitz bakar bat ere ez. Belen Olaizolak, erakusketa ikusi ostean, hala esan du: «Ez daukat hitzik; hunkigarria da, benetan». Asteon inauguratu dute Seeing Auschwitz erakusketa Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Mirari Garmendiak, erakusketaren sarreran lanean ari den antropologoak, nabarmendu du larunbat goizean ere bisitari ugari sartzen ari dela, lehen hiru egunetan bezala. «Jendea hitzik gabe ateratzen da», azaldu du.
Hitz gordinak irakur daitezke erakusketaren zenbait paneletan. «Beste presoei gure familiak noiz ikusiko genituen galdetu genien. Emakume batek tximinia seinalatu eta hurrengoa esan zuen: «Ikusten duzu kea? Hor dago zure familia»…». Irene Weissen esaldia da, Auschwitzetik bizirik atera ziren gatibuetako batena. Bigarren Mundu Gerran, Alemaniako naziek gutxienez 1.100.000 pertsona hil zituzten kontzentrazio esparru horretan —haietako gehienak, juduak—.
Hotzikara eragiten duten gertakariak daude islatuta erakusketako argazkietan eta testuetan. Esparrura iristen ziren presoak bereizi egiten zituzten: gizonak eta mutilak, batetik; eta emakumeak eta haur txikiak, bestetik. Lehen taldea SSetako —nazien talde paramilitarra— mediku baten aurrean dago, ilara batean. Selektion izeneko (aukeraketa) garaia da. Medikuak erabakiko du nork lan egingo duen esparruan eta nor bidaliko duen gas ganberetara. Halako heriotza-ganbera bakoitzean 3.000 preso sartzen zituzten batera, arropa erantzi ostean, eta gasez hiltzen zituzten.
Erakusketan eta mundu zabalean gaiarekin lotutako argazki gehienak naziek ateratakoak dira. Baina ez guztiak. Badira salbuespen batzuk, Garmendiak argitu duen moduan: «Dugun iruditeria nazien ikuspegitik sortua da, aurkitu ziren argazkiak haienak baitira. Oso gutxi dira bertako presoek ateratakoak, eta haien begirada oso desberdina da». Erakusketan, preso batek egindako marrazkiak daude. Baita preso talde batek ezkutuan ateratako zenbait argazki ere. «Begirada kontrastean jartzen da, atentzioa ematen die bisitariei», aipatu du Garmendiak. Sonderkommando taldeak arrisku handiak hartu zituen argazki haiek ateratzeko. Hilotz multzo handi bat da irudietako bat, lausotuta.
Bisitarien artean Antxon Goiburu dago. Erakusketa ikusita, zail egiten zaio hausnarketa sakonik egitea. «Gogorra da ikusitakoa. Gauza tristea da». Aitortu du erakusketa «interesgarria» dela, «baina oso tristea».
Adin desberdinetako herritarrak ari dira sartzen Koldo Mitxelenara erakusketa ikustera. Haien artean, 11 urteko bi neska ere badira. Bietako baten aita Urko Gurmendi da, eta gustura irten da kulturunetik. «Latza da gertatu zena ikustea, baina gustatu zait». Iruditzen zaio halako gertaerak gogoan izan behar direla. «Neskak txikiak dira, baina haientzat ondo dago halakoak ezagutzea. Ezagut dezaten zer-nolako gauzak gertatu diren. Ez da ezkutatu behar».
Erakusketako argazkien artean, bestalde, azaltzen dira kontzentrazio esparruetan lan egiten zuten zenbait nazi eta familia aisialdi giroan. Atsedenean edo kantuan. Genozidio baten parte izaten ari ziren, tarteka sarituak ziren, eta esparrutik at momentu gustagarriak bizitzen zituzten.
Bigarren Mundu Gerraren krudelkeria beste argazki batzuetan ere islatzen da: aliatuek hegazkinetatik aireko argazki batzuk atera zituzten, lehergailu batzuk botatzekotan zirelako. Baina ez zituzten bonbak presoak hiltzen ari ziren gas ganberetara jaurti, handik kilometro batzuetan zeuden fabrika nazi batzuetan baizik. «Preso haiek ez ziren lehentasuna aliatuentzat», dio Garmendiak.
Europako kontzentrazio esparruetan preso egon ziren Gipuzkoako herritarren zerrenda bat ageri da erakusketan. Donostian jaiotako emakume gazte bat, Simonne Paquita Lebouch, 19 urte zituela sartu zuten Auschwitzen. Hara iritsi eta hilabete gutxitara, hil egin zuten naziek, 1943ko abenduaren 9an.
Bisita gidatuak, ostegunero
Erakusketa Koldo Mitxelenan uztailaren 3ra arte egongo da ikusgai. Halaber, bisita gidatuak egingo dituzte ostegunero, 17:00etan, Mirari Garmendiaren gidaritzapean. «Arazoa da orain, koronabirusaren krisiagatik, soilik hiru pertsona egon daitezkeela bisita gidatu bakoitzean», ohartarazi du. Aldez aurretik deitu behar da telefonoz.
Garmendiaren arabera, kontzentrazio esparruak bisitatu izan dituzten herritarrak eta gaiaz asko dakitenak sartzen ari dira erakusketa ikustera. «Horiek ere hunkituta ateratzen dira». Erakusketaren bukaerako korridorean, gaur egungo garaitik gertuago gertatu diren gatazka batzuen bideoak ikusten dira: Kanbodiako gerra, Srebrenicako sarraskia (Bosnia), Ruandako genozidioa… Edonor hitzik gabe uzteko modukoak horiek ere.
(Puede haber caducado)