Bertoko mundialtxoa

Bizkaiko etorkinek osatutako futbol taldeak lehian ariko dira gaur Leioako Lamiako zelaian.

Berria, 25-06-2006

mikel carramiñana

Leioa

Ezinezkoa badirudi ere, bada futbolik Alemaniako Munduko Kopatik kanpo; are gehiago, bada nazioarteko selekzioen arteko partidarik Alemaniatik kanpo, non eta Leioan (Bizkaia). Izan ere, Hego Amerikako eta Afrikako etorkinek osatutako 16 talde lehian ariko dira Leioako Udalak eta BBK Solidarioak antolatutako mundialtxoan. Leioako Lamiako futbol zelaian egingo dute txapelketa.

Kirola ez ezik, kulturen arteko integrazioa jorratu nahi dute antolatzaileek. Berdintasunaren aldeko aldarria ere nabarmena izango da gaurko txapelketan, gizon zein emakumezkoek hartuko baitute parte. Halaber, txikienek ere izango dute futbolean aritzeko aukera, eurentzat egokitutako zelai batean eta begiraleen ardurapean.

Lamiakoko futbol zelaia 2005ean eraberritu zuten eta, egun, askotariko jaioterriak dituzten lagunak biltzen dira bertan, astebururo, futbolean aritzeko. Gero eta jatorri gehiagoko taldeak osatzen dituzte, Hego Amerikakoak gehienak, Afrikako batzuk sortu badituzte ere, Senegalgoa eta Boli Kostakoa kasu.

ANDONI ZUBIZARRETA. Mundialtxo honetako partidak BBK – k eginiko ikastaro bat gainditu duten arbitroek epaituko dituzte. Bizkaiko Arbitroen Elkargoak antolatu zuen ikastaroa eta Andoni Zubizarretak koordinatu zuen. Lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten lagunak izango dira arbitro gisa ariko direnak.

Athleticeko atezaina izandakoak egingo du goizeko hamarretan ohorezko sakea mundialtxoari hasiera emateko. Futbol partiduekin batera, bestelako jarduerak prestatu dituzte, parrillada esate baterako. Lortutako dirua Lamiakoko Asmul kultur eta kirol elkartearentzako izango da.

Bestetik, lehiaketan parte hartu dutenentzako sariak ez ezik, bertaratzen diren guztientzako opariak banatuko dituzte.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)