Bangladesh
Bangladeshek beste mila errefuxiatu rohingya lekualdatuko ditu uharte batera
Gobernuak entzungor egin die giza eskubideen aldeko hainbat erakunderen ohartarazpenei.
Berria, , 29-12-2020Abendu hasieran egin bezala, datozen egunetan rohingya errefuxiatuen beste talde bat eramango du Bangladeshek uharte batera. Zehazki, Bhasan Char irlara lekualdatuko ditu: Bengalako badian dago, kontinentetik 45 kilometro ingurura. Bertan, rohingyentzako errefuxiatu kanpamentua eraiki du herrialdeko gobernuak. Hilaren lehen egunetan, 1.600 errefuxiatu inguru lekualdatu zituen uharte horretara, eta hurrengo egunetan beste mila inguru eramango ditu.
NBE Nazio Batuen Erakundeak esana du Bangladeshek ez diola baimenik eman Bhasan Charreko kanpamendua ikuskatzeko, eta ez zuela parte hartu errefuxiatuen lekualdatzean abenduaren hasieran.
Gobernuak ziurtatu du uhartera joatea hautazkoa dela errefuxiatuentzat, eta Bhasan Charreko kanpamenduak arindu egingo duela Cox´s Bazar hiriaren ondoan dagoen errefuxiatu guneko gainpopulazioa. Milioi bat rohingya baino gehiago bizi dira han.
Errefuxiatuek eta horiekin lanean ari diren giza eskubideen aldeko elkarteek, ordea, uhartera joatera behartzen dituztela salatu dute. Bhasan Char uhartea duela hogei urte azaleratu zen itsasotik, eta zikloi garaian ugariak izaten dira uholdeak han.
Rohingya errefuxiatuek Bangladeshera jo zuten Myanmarren jasan duten indarkeriatik ihesi. Bangladesheko Gobernuak beren herrialdeetara itzularazteko saiakerak egin ditu, baina porrot egin dute, rohingyak Myanmarren berriz ere jazarriak izateko beldur direlako.
(Puede haber caducado)