Bakarrik dauden etorkin adingabeak. Babes sareak
Bigarren familia bat ehuntzen
Bakarrik heldu diren etorkin adingabeei laguntza ematen diete zenbait elkartek. Ikasketei eta paperen tramitazioari buruzko aholkuez gain, aisialdirako aukerak ere ematen dizkiete, lotura afektibo berriak sor ditzaten.
Berria, , 20-12-2020Dena galdu dute: lehen zuten bizimodua, ikasketak, lagun kuadrilla, familia… Dena. Baita nortasuna ere. Etorkin askok bizitza berri bat eraiki behar izaten dute, hutsetik ez, askoz beheragotik hasita, eta haur eta nerabeen kasuan, egokitzapen prozesua askoz gogorragoa izan ohi da. Adingabe diren bitartean, administrazioen ardura da gazteon ongizatea bermatzea: etxebizitza bat, elikadura eta, batzuetan, baita oinarrizko ikasketak ere. Gobernu batek, baina, ezin du familia bat ordezkatu. Hori dela eta, zenbait elkarte lanean ari dira Euskal Herri osoan, apurtutako lotura afektibo horiek konpontzeko eta berriak sortzeko.
Nafarroan, Sei Kulturarteko Zerbitzu Sozioedukatiboa da horietako bat. Duela 21 urte sortu zen, Iruñean. Elkartearen helburu nagusia da migratzaileak laguntzea egoera berrira egokitzeko prozesu luze eta gogorrean. «Iritsi berri diren nerabe eta gazteekin lan egiten dugu batez ere, baina baita haien familiekin ere», azaldu du Maite Zigandak, Sei elkarteko koordinatzaileak. Haren esanetan, oso garrantzitsua da bakarrik diren adingabeen inguruan «babes sareak» sortzea, «migrazio dolua errazago pasatu ahal izateko».
Zigandaren esanetan, Europara heldu berriak diren gazte migratzaile askok dituzte dolu horren sintomak: «Kosta egiten zaie egoera berrira moldatzea, egun batetik bestera dena galdu dutelako: institutura doaz eta inork ez die beren hizkuntzan hitz egiten, ez dituzte ulertzen autobuseko oharrak, jendeak gaizki begiratzen die, paperak egiteko eta beren egoera legeztatzeko presioa sentitzen dute… Horrek guztiak eragina du, noski. Horregatik, iritsi berriak diren gazte askori antzematen diegu triste daudela une oro edo ez dutela ezertarako gogorik. Gu saiatzen gara horri nolabait buelta ematen, askotan zaila bada ere».
COVID-19aren osasun krisiak eta konfinamenduak arazo horiek larriagotu dituztela gaineratu du Sei elkarteko kideak: «Elkarteko gazte askorentzat, oso zaila da etxean edo harrera egoitzan gelditu behar izatea, baina itxialdiak horretara behartu gaitu; horren ondorioz, azken hilabeteetan nabaritu dugu lehen baino gehiago direla triste edo apatiak jota etortzen diren gazteak».
Horren aurrean, «adiskidetasun harremanak indartzea» proposatzen dute Sei elkartean, eta hainbat gazte talde sortu dituzte: badago kirol talde bat, jarduera artistikoak garatzeko beste bat, bizikletak konpontzeko tailer bat eta baita mendi talde bat ere. Zigandaren esanetan, baina, gazteek eurek antolatzen dituzte beren jarduerak: «Haiek dira egin nahi duten bidea markatzen ari direnak». Harreman sare propio eta horizontalei esker, Sei elkartea «bigarren familia bat» dela uste du Zigandak: «Hona etorri eta eroso sentitzen dira, familiartean bezala. Nerabe askok hemengo begiraleekin duten harremana izeba-osabekin izanen luketena da: eskolan zer ikasi duten kontatzen diete, azterketak prestatzen dituzte, interesa agertzen dute… Finean, familia baten rola betetzen du elkarteak, gazteek badakitelako konfiantzazko eremu bat dela».
Haurren osaba-izebak
Familia kontzeptuaren garrantzia azpimarratzen dute Gipuzkoako Izeba egitasmoko arduradunek ere. Baketik fundazioak koordinatutako proiektu bat da, eta propio pentsatuta dago egoitza batean bizi diren adingabe babesik gabeentzat, familia giro «osasuntsu» bat zer den ezagutu dezaten. Kristina Soares koordinatzailearen esanetan, Izeba egitasmoaren helburu nagusia da «adingabeen bizi kalitatea apur bat hobetzea, erreferentziak eskainiz, familia eredu ezberdinak erakutsiz edo esperientzia aberasgarriak proposatuz».
2009. urtean sortu zen proiektua, eta, ordutik, boluntario sare propioa ehundu du: «Norbanakoak, familiak, bikoteak… denetik dago. Programa xumea izanagatik ere, baditugu hainbat boluntario. Familia batzuek asteburu oso bat egiten dute adingabeekin; beste batzuek, arratsalde bat astean. Bakoitzak, ahal duena». Lotura afektibo hori adingabeentzat «oso positiboa» dela berretsi du Soaresek: «Haientzat oso garrantzitsua da sentitzea badutela norbait hor ondoan». Konfiantza horri esker, gainera, urteetan mantentzen dira gazteen eta Izeba familien arteko harremanak.
Arreta orokorra
Ipar Euskal Herrian, kolektibo zaurgarriei arreta eta aholkularitza orokorra eskaintzen die Haurtzarotik Helduarorainoko Babesa izeneko elkarteak, eta bakarrik dauden migratzaile adingabeekin ere egiten dute lan. Elkarte horretako kide eta Heziketa Zerbitzuko buru da Pascale Teyssandier.
Besteak beste, bizitoki bat eskaintzen diete gazte eta nerabeei, bakoitzaren ezaugarriak eta beharrak aintzat hartuta. «Duela gutxi ohartu ginen leku berezitua behar genuela migratzaile adingabeak hartzeko, esku hartzea ez baita berdina. Talde bakoitzak bere beharrak ditu, eta era berezituan artatu behar ditugu».
Uneotan, 35 etorkin adingaberi eman diete aterpe Lapurdin, Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Landetan (Okzitania). «Lehentasuna da gazteen bakartze sentimendua etetea, eta askotan, binaka bizitzen jartzen ditugularik, sentimendu hori hausten dugu. Babesa berehala sentitu behar dute», azaldu du Teyssandierek.
Bizitokiaz gainera, oinarrizko beharrak bermatu ahal izateko baliabideak eskaintzen dizkiete adingabeei, eta, lehen oztopo hori gaindituta, paperen tramitazioa, ikasketak eta lanerako prestakuntza datoz: «Fite ohartzen dira paperak eskuratzeko modu azkarrena lana atzematea dela; hortaz, denek lan egiteko modu bat lortu nahi dute. Momentu hori iristen denean, ibilbide profesionala eraikitzen laguntzen ditugu, betiere haien hautuak aintzat hartuz. Posibilitate guztiak zein diren erraten diegu, baina haiek aukeratu behar dute beren etorkizuna». Heziketa zerbitzuko buruaren esanetan, nerabe gehienek lanbide ikasketak lehenesten dituzte, «ikastearekin batera lan mundurako prestakuntza bat jasotzen dutelako».
Baliabideak eta aholkularitza eskaintzeaz gainera, «konfiantzazko sare bat» sortzen ahalegintzen dira Haurtzarotik Helduarorainoko Babesa elkartean. «Komeni zaien ingurune bat dutela bermatu nahi dugu, baina ez da gure sarea izan behar, haiek erabaki eta eraikitzen dutena baizik», azpimarratu du Teyssandierek. «Ahal eta nahi dutenean, laguntzen ditugu familiarekin harremanak atxikiarazten. Sakelakoa ordaintzen diegu: horri esker, haiekin kontaktuan izan gaitezke, eta, beharren bat izanez gero, badakite deitzen ahal gaituztela». Harreman hori, gainera, ez da bukatzen gazteek 18 urte betetzean: «Estatus legala aldatu arren, heldu izatea prozesu luze bat delako». Horregatik, kasu gehienetan, gazteei laguntza ematen diete 21 urte betetzen dituzten arte: «Horrek presioa arintzen du, denbora gehiago baitute bai haiek eta bai guk».
(Puede haber caducado)