Gaiztaginen lege egitasmoa jaso dute Frantziako ministroek
Frantziar Errepublikaren balioak ez dira zehazten legean, baina erasotzen dieten eragileak legearen jomugan egonen dira, tartean abertzaleak.
Berria, 24-06-2006Aitor Renteria
Baiona
Salaketaren aurkako taldeko kidea da Nathalie Valles, eta Batasuneko immigrazioko taldean militatzen du. Benisti txostena aurkeztu zutenetik gaiztaginen aurkako legearen kontrako ekimenetan dihardu.
Zein da gaiztaginen aurkako legearen berezitasuna?
Berezia da, lege bakar gisa aurkeztu arren osoko ikuspegi baten atal bat delako. Egitasmo orokor baten atala da, orain artean berdintasun legea, eskolaren kalitate legea edo etorkinen legea bezala. Horiekin konstituzio aldaketaren ideiak bidea duen frogatu nahi dute.
Zergatik diozu hori?
Frantzian ziklo politiko baten bukaera mingarrian aurkitzen dira, eta anitzek adierazten dute aldaketarako gogoa. Alta, aldaketa horren nondik norakoak, egitasmo berriaren mugarriak, argiki finkatu nahi ditu eskuinak. Egitasmoa ataletan aurkezten dute eta horrela jendeak ez du ihardesteko denborarik. Uholdean heldu dira neurrian eta bakoitza bere esparruko aldaketen beha gelditzen da, osoko ikuspegia galduz.
Hori da, zure iritziz, zatika aurkezteko arrazoia?
Benisti txostenean biltzen dira lege egitasmoak. Txosten hori ideia faxistetan oinarritzen da, argi eta garbi. Eskandaluzkoa litzateke horrela aurkeztea. Beraz, moztu eta neurri homeopatikoetan pasarazi nahi dute.
Zein dira lege horretan gehien kezkatzen zaituzten puntuak?
Bere osotasunean da kezkagarria, baina argi dago legeak jendearen fitxaketa sistematikoa antolatzen duela. Informazio sistematikoa eratzen du, gizarte zerbitzuak, eskola, osasuna. Eragileen ondoan polizia eta prokuradorea jartzen ditu, auzapezaren inguruan antolatzen den batzordean. Gutxi aipatzen den bertze puntu larri bat badago. Gaiztaginen aurkako legeak esparru publiko eta pribatuaren arteko hesia hausten du. Enpresa pribatuek auzapezaren batzorde horretan egoteko eskubidea ukanen dute. Harrigarria bada ere, zuzen – zuzenean informazio publikoa ukanen dute, baina ez da nehor izanen hori nola baliatzen duten kontrolatzeko.
Nola gerta daiteke hori?
Osasun zerbitzuek, zergek, funtsean eragile guztiek, zailtasunak dituzten jendeei buruzko xehetasunak eman beharko dituzte. Adibidez, enpresek, batzorde horretan egonik, jakin dezakete nor dagoen langabezian, zenbat denboraz, dituen zailtasunak oro.
Legearen hainbat pasartetan balio errepublikarren defentsan oinarritzen da gaiztaginen kontrako politika. Zein dira balio horiek?
Faxismoaren lehen maila da hori. Behin eta berriz aipatzen dira balio errepublikarrak baina nehon ez dira zehazten. Nola urra daiteke zehaztua ez dagoen zerbait? Hain argiak badira balio horiek, zergatik ez dituzte idazten eta zehazten? Euskaldun, abertzale eta ezkertiar gisa kezkatzeko arrazoi sakonak daude. Errepublika horrek ofizialtasuna ukatzen dio euskarari, izaera instituzionala ukatzen dio Euskal Herriari, langileen fitxaketa sistematikoa antolatu eta interes pribatuen esku uzten ditu. Beraz argi dago abertzaleak eta ezkertiarrak lege horren jomugan gaudela bete – betean.
Ama hizkuntzaren kasuan hastapenean aipatzen zen zuzenean frantsesa izan behar zela, gero puntu hori kendu eta orain berriz ekarri nahi dutela dirudi. Zer deritzozu horri?
Lege egitasmoak, Benisti txostenak, argiki aipatzen zuen prozedura guztia. Frantsesez zailtasunak dituzten haurren kasuan amari oharra igorri nahi zioten haurrari frantsesez egiteko etxean. Sei urterekin aitari ere jakinarazi behar zioten kasua, hiritartasun ikastaldiak egin behar zituzten familiek eta haurrak ortofonista baten laguntza ukanen zuen. Alta, UMPko diputatu batek azaldu zuen horren helburua arabiar «mordoiloa» ekiditea zela. Ezkerreko alderdiek eraso xenofoboa zela salatu zuten eta Sarkozyk gibelera egin behar izan zuen. Gauzak baretu dira eta emeki – emeki, Sarkozyk frantsesari buruzko aipamenak egiten ditu ezker – eskuin.
Horren eraso zabala baldin bada, zergatik ez dago mobilizazio gehiago legea salatzeko ?
Preseski zatika aurkeztu dutelako, eta eragile bakoitza bere sektorean ari da borrokatzen, ohartu gabe osoko ikuspegia dela. Greba antolatzea lantegian edo ikastetxe batean, euskararen aldeko desobedientzia ekintzak antolatzea edo herri galdeketa eskatzea zuzenean erasotuak izango dira. Baina baita langileen eskubideak edo emazteenak ere. Urrian aurkeztu nahi dute xedea Frantziako Parlamentuan eta ordurako informazio lana zabaldu behar dugu.
arenteria@berria.info
«Euskaldun, abertzale eta ezkertiar gisa kezkatzeko arrazoi sakonak daude: legearen jomugan gaude»
(Puede haber caducado)