HUNGARIA

EBko Justizia Auzitegiak Hungaria zigortu du asilo eskatzaileen eskubideak urratzeagatik

Ebatzi duenez, Budapestek 2015 eta 2018 urteen artean asilo baimenak lortzeko ezarri zituen oztopoak Europako Batasuneko zuzenbidearen kontrakoak dira.

Berria, Gorka Berasategi Otamendi, 18-12-2020

Hungariako Gobernuak herrialdearen eta Serbiaren arteko mugan hartu zituen neurriek «ia ezinezko» bihurtu zuten asilo eskarien tramitazioa muga horretara iritsi ziren migratzaileentzat. Hala ebatzi du gaur Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak. Haren esanetan, asilo eskaria aurkezteko urratsa «funtsezko fasea» da babes egoeren gaineko erabakiak hartzeko, eta batasuneko estatu kideek ezin dute «arrazoirik gabe atzeratu» kasu horien tramitazioa.

Auzitegiak Viktor Orbanen gobernuari gogorarazi dio estatu kideen ardura dela asiloa eskatu nahi duten migratzaileei horretarako aukera bermatzea, baita mugetan ere, horretarako «borondatea agertzen duten bezain laster».

Budapestek, baina, hainbat oztopo jarri zizkien asilo eskatzaileei. Besteak beste, asilo eskaria mugako «igarotze guneetan» aurkeztera behartu zituen babes bila ari ziren migratzaileak. Aldi berean, gobernuak zorrotz mugatu zuen gune horietara sar zitekeen migratzaileen kopurua. Horrenbestez, asilo eskaria aurkezteko aukerarik gabe utzi zituen Hungaria eta Serbiako mugan baina igarotze gunetik kanpo gelditu zirenak. Migratzaile horiek 11 eta 18 hilabete artean egon behar izan zuten zain, igarotze gunera sartu eta eskaria aurkeztu ahal izateko.

Horrez gain, Hungariak «igarotze guneetan» egotera behartu zituen asilo eskatzaileak, nazioarteko babesa lortzeko prozesuak iraun artean. Denbora horretan migratzaileak «itxialdian» izatea egotzi dio auzitegiak Budapesti.

Orbanen gobernuak auzitegiari erantzun dio «berandu» iritsi dela bere erabakia, «igarotze guneak» itxita daudelako joan den maiatzaz geroztik. EBko Justizia Auzitegiak Hungariaren kontrako beste ebazpen bat kaleratu zuen orduan. Asilo eskatzaileak «igarotze zentroetan» legez kanpo atxikitzea leporatu zion.

Europako Batzordeak kezka agertu zion aurreko urteetan Hungariari, 2015ean eta 2017an onartu zituen bi legek EBren araudia urratu zezakeela iritzita, asilo eskubideari eta atzerritarren kanporatzeari lotutako bermeei dagokienez. Orbanen gobernuak ez zuen atzera egin, eta batzordeak helegite bat aurkeztu zuen Hungariaren kontra EBko Justizia Auzitegian, 2018ko otsailean.

Hungariak, bere burua defendatzeko, adierazi zuen EBren zenbait irizpidetatik aldendu behar izan zuela migrazio krisia dela-eta, ordena publikoa eta barne segurtasuna bermatzeko. Luxenburgoko auzitegiak baztertu egin ditu argudio horiek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)