Ikasturte berria hasi zenean, segregazioak han jarraitzen zuen

Berria, Eli Lamarka Iturbe. Jose Manuel Martinez Fernandez, 29-11-2020

Une zail hauetan, COVID-19arekin dena estaltzen dela ematen duen honetan, komeni da berriro ere gogoratzea zein den gure hezkuntza-sistemaren alfonbraren azpian dagoen arazo nagusia. Eskola-segregazioa du izena. Euskadiko Eskola Kontseiluak, Save the Childrenek eta hezkuntza publikoko eragile guztiek behin eta berriz salatu dute, sare publikoak egunero pairatzen du, baina ez zaio arazoari irtenbiderik bilatu nahi.

Eskola-segregazioa: gure hezkuntza-sistemaren lotsa

EAEn, maila sozioekonomiko baxuko ikasleen kontzentrazioak ikastetxe guztien %46,6ri eragiten die, eta ikastetxe horien %88,9 titulartasun publikokoak dira (Save the Children-2018). Egoerak okerrera egiten jarraitzen du. Nola liteke? Eskola publikoari baliabideak ukatzearen eta itunpeko hezkuntza neurriz kanpo finantzatzearen ondorioa da, azken honen aldeko apustua egitearen ondorio zuzena, guztiona den hezkuntzaren kaltetan. Eusko Jaurlaritzak epaile inpartzialaren papera hartu du bere gain, bi sareak berdinak balira bezala tratatuz; hartara, urteek eta ikastetxea aukeratzeko askatasun faltsuak eskola-segregazioa hazten utzi du, saihestu ezinezko fenomeno bat balitz bezala.

Ondorioz, EAEko ikastetxeen ia erdiek (guztion diruarekin finantzatuak) borondatezko kuota ekonomikoen bidez ikasleak hautatzen jarraitzen dute, eta horrek benetako diskriminazioa sortzen du aukera dezaketen familien eta aukera ekonomikorik ez dutenen artean, ikastetxeen artean arrakala sortuz.

Propagandarako planak

Errealitate honen aurrean, Eusko Jaurlaritzak aurpegia garbitu nahi izan du aniztasuna eta inklusioa defendatzen omen duten eta arazoaren jatorrira ez doazen hainbat dokumentu eta planekin.

2016-2020ko eskola inklusiboaren eta kultura artekoaren eremuan ikasle etorkinei hezkuntza-arreta emateko II. Plana ez da %20an ere gauzatu. Atzerritar jatorriko ikasleak eskolatzea EAEko eskola-sisteman dokumentuan (2018ko urria) ez da neurri zehatzik agertzen. Hamaika Esku programa ez da nahikoa. Magnet-Erakarri proiektua ere eskas geratzen da. Kataluniako Magnet esperientziaren bultzatzailea den Jaume Bofill fundazioak behin eta berriz esan du segregazioa ez dela geldiaraziko Hezkuntza Sailak neurri politiko espezifikoak hartu ezean. Hemen aplikatu ez diren hezkuntza-politikako neurriak.

Laburbilduz, hitz politak, erdizkako neurriak, baina beharrezkoak diren baliabiderik gabe eta sistema honek sortzen duen diskriminazioari buelta emateko benetako asmorik gabe. Ondorioz, hezkuntzako profesionalak eta familiak dira, beren inplikazioarekin, eskola-segregazioaren kudeaketa bizkar gainean daramatenak.

Irtenbideak badaude

Neurri asko har daitezke hurrengo matrikulazio kanpainarako, une hori funtsezkoa baita segregazioa ez areagotzeko: udalerri bakoitzean matrikulazio bulego bakarrak osatzea eskolatze orekatua bermatzeko; ikastetxe kontzertatuetako familiei borondatezko ekarpenak kobratzeko debekua; onarpen-baremoa aldatzea (errentari dagokiona eta ikastetxearen erabilera librekoak kenduz); itunpeko sarean ikasgeletako ratioak kontrolatzea; sare publikoari, sare inklusibo unibertsal bakarra eta euskalduntzeko motor nagusia denez, baliabide gehiago ematea; gutxieneko eta gehieneko gizarteratze-tasa bat sortzea; gela berriak ez ituntzea publikoan plazak daudenean… Hau da, eskola publikoa sustatzen duten politika aktiboak ezartzea, askotariko ikasleen presentzia ikastetxe mota guztietan bermatzeko.

Urtez urte segregazioa sortzen duen eta euskal gizarteak behar dituen inklusio helburuak betetzen ez dituen euskal hezkuntza-sistema birplanteatzeko garaia da. Errealitateari erreparatu eta aldatzekoa. Kontzientzia soziala behar da gure gizarteko errealitate lotsagarrienetako hau behin betiko amaitzeko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)