Andres Serranoren aldabada

Gasteizko Artium museoak argazkilari estatubatuar polemikoaren lanaren erakusketa zabalduko du gaur; gizartearen kezkak oinarri dituzten 60 argazki bildu ditu

Berria, 22-06-2006

estitxu ugarte

Gasteiz

Argazkien edertasunaren bidez, gizartearen tabuak uxatzen ditu Andres Serrano artista estatubatuarrak (New York, 1950). Piss Christ argazkia da, beharbada, filosofia horren isla ezagunena. Nahita edo nahi gabe, argazki horrek izar bihurtu zuen Serrano. Alta, hiltzeko mehatxuak eta irainak jasan zituen artistak haren gernuaren barruan Kristo gurutziltzatua irudikatzeagatik. Halaz ere, polemikoa izateko asmoa duela baztertu du Serranok: «Egiten dudana niretzat naturala da; bizitzari buruzko artea egiten dut».

Aipatutako lan horrekin batera, New Yorkeko artistaren formatu handiko 60 argazki bildu ditu Gasteizko Artium museoak Andres Serrano. Hatza zaurian bilduman. Euskal Herrian Serranok egin duen lehenbiziko erakusketa da, eta Artium museoak argazkigintzari lotuta urtero antolatzen duen aldi baterako erakusketen eremuan sartu du.

Serranok 80ko hamarkadaren hasieran ekin zion bere jardunbide artistikoari. 1989an Piss Christ obrak zeresana eman ondoren, arte garaikidearen eremuan irmotu zen, baina polemika lagun izan du beti. Izan ere, estalkirik gabe heltzen die estatubatuarrak sexuari, erlijioari, gizarte bazterketari, arrazakeriari eta heriotzari, besteak beste. Sailen bidez garatu du lana, eta teknika klasikoa erabiliz, hots, kamera digitalik gabe eta irudiak manipulatu gabe.

IRAILAREN 11. Erakusketak 80ko hamarkadatik hasita artistak egin dituen sail guztietako argazki sorta bat eskaintzen du. Dena dela, argazki sorta nagusia America (2001) izeneko erretratu bilduma da. 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondoren egin zuen, eta hiru urtez aritu zen lan horretan. Bilduma horretan Estatu Batuen inguruan duen irudia islatu nahi izan du argazkilariak.

Erakusketa aurkezteko atzo egin zuten prentsaurrekoan, Serranok berak azaldu zuen irailaren 11ko atentatuek shock handia eragin ziotela. «Areriotzat hartzen gintuztela konturatu nintzen, kolpe handia izan zen, eta Ipar Amerika askotariko gizartea dela islatu nahi izan nuen, gauza asko biltzen dituela. Niretzat, Estatu Batuak pobreak dira, aberatsak dira, pertsona ezagunak eta ezezagunak».

America – k 116 erretratu biltzen ditu. Norbanakoenak baino gehiago, sinboloak dira, arketipoak. «Behin lagun batek galdetu zidan zergatik ez nuen autoerretratu bat egin. ‘Hau guztia autoerretratua da’, erantzun nion. Hauekin guztiekin edo gehienekin identifikatzen naiz».

Estatubatuarren izaeraz gaineera, gizarte horren arazo moralak ere islatu ditu Serranok beste bilduma batzuetan. Nomads (1990) etxegabeen arazoa pil – pilean zegoen garaian landu zuen, eta KKK (1990) Ku Klux Klan taldearen jarduerak suspertzearen harira. Bodily Fluids (1987) bilduman odol, gernu eta espermarekin saiakuntzak egin zituen Serranok. Hiesaren harira Ipar Amerikan sortu zen sorgin ehizarekin lotuta dago saila.

BERPIZKUNDEAREN ERAGINA. Bestetik, Serranok gai unibertsalagoak jorratu ditu. Horien artean kristautasuna eta sexua nabarmentzen dira. Budapest (1994), A history of sex (1995) eta The interpretation of dreams (2001) bildumetan sexua beti agertzen da, nola edo hala. Heriotzari ere eutsi dio Serranok, betiere edertasun estetikoaren ikuspuntutik. Hala, The morgue (1992) sailean hildakoen erretratuak bildu ditu.

Erakusketaren komisarioak, Oliva Maria Rubiok, Berpizkudeko pinturak eta barrokoak Serranoren argazkigintzan duten eragina nabarmendu zuen. «Haurtzaroan pairatu zuen bazterketari aurre egiteko, New Yorkeko Arte Museo Metropolitarrean babestu zen, eta orduak ematen zituen han Berpizkundeko margolanei begira».

Erakusketa: ‘Andres Serrano. Hatza zaurian’. Lekua: Artium museoa (Gasteiz). Noiz arte: Urriaren 8ra arte.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)