BerriaTB
'Moriako erretratuak' dokumentala estreinatuko du BERRIAk, gaur 21:00etan
BERRIAk eta Zaporeak elkarteak ekitaldi bat antolatu dute bideoaren estreinaldirako, eta astebetez dirua bilduko dute elkarte horren bitartez, Europarako datozen migratzaileei laguntzeko.
Berria, , 10-11-2020Iñaki Agirre kazetariak irailean eta urrian Greziako Lesbos uhartean hartu zituen irudiekin osatu du BERRIAk Moriako erretratuak izeneko dokumentala. Ordu erdi eskas irauten du eta Moriako kanpalekua kiskali ondoren, han bizi ziren bost errefuxiaturen testigantzak biltzen ditu. Gaur, azaroaren 10ean, 21:00etan izango da ikusgai BERRIAren webgunean, orrialde honetan bertan.
Irudiak eta edizioa Iñaki Agirrerenak dira, eta edizio lanetan Agirre bera eta Lara Madinabeitia BERRIAko bideogilea aritu dira. Andoni Imazek jarri du ahotsa, eta produkzio lanetan Jon Ordoñez aritu da. BERRIAko Euskara taldeak ere parte hartu du bideoan. Agirrek Zaporeak elkarteari eman dizkio eskerrak bereziki Moriako kanpalekuan izan zen artean, eurengandik jaso zuen laguntzagatik.
Ekitaldia, diru bilketa eta galdera-erantzunak
Hain zuzen, bideoaren estreinaldirako ekitaldi bat antolatu dute Zaporeak-ek eta BERRIAk. Mikel P. Ansa BERRIAko kazetariak gidatuta, Irati Azkue Zaporeak elkarteko kidea, Jone Urionaguena SOS Arrazakeria elkarteko kidea, Josune Mendigutxia Irungo Harrera Sareko kidea eta Iñaki Agirre bera migratzaileen egoeraz mintzatuko dira.
Ekitaldiarekin eta bideoaren estreinaldiarekin, astebetez BERRIAk eta Zaporeak-ek diru bilketa bat egingo dute ikusleek ekarpenak egiteko orrialde honetan, Europara datozen migratzaileei laguntzeko. Diru bilketa kanpaina azaroaren 17an 21:00etan itxiko da.
BERRIAko irakurleek gainera, sare sozialetan galderak egin ahal izango dizkiete Zaporeak elkartekoei, Irungo Harrera Sarekoei eta SOS Arrazakeriakoei migratzaileen egoeraz, horretarako #MoriakoErretratuak traola baliatuta. Erantzunak sare sozialetan eta orrialde honetan egongo dira entzungai, bideoz.
(Puede haber caducado)