Mestizajea, xarma eta arrakasta
Suitzako selekzioa etorkinen semeekin indartu da azken urteotan, gurasoen sorterriko taldeari uko egin dioten talentu handiko jokalariekin, eta euren jardunarekin arrakasta iritsi da taldera.
Berria, 21-06-2006IMANOL MAGRO
Futbola ilusioen pizgarri da gizarte txiroetan. Futbol profesionalaren itzalean, izar handi gehienak pobreziaren komerietan barrena zaildu dira. Umetan gorriak ikusi izanak izaera gogortzen du, eta akuilu ona da entrenatzeko. Lehen mundu garatuan etorkinak dira txiroenak, eta euren semeak futboleko izar bilakatzen ari dira apurka. Egungo Suitza da bilakaera horren eredu garbiena. Arrakasta eta Munduko Koparako txartela euren gurasoen sorterriko selekzioari uko egin dioten jokalari gazteei esker lortu dituzte. Mestizajearen indarra da, eredu aberasgarria.
«Etorkinen seme – alabek Suitzako haurrek baino gogorrago egiten dute lan, euren gurasoek asko sufritu dutela dakitelako», Julian Senderos espainiarraren hitzak dira, Phillipe Senderos Suitzako selekzioko defentsa zentralaren aitarenak. Senderos aitari ez zaio arrazoirik falta, futbolari buruz mintzo bada behintzat. Izan ere, Suitzan futbol federatuan aritzen diren gazteen %60 etorkinen seme – alabak dira, gehiegizko kopurua etorkinak biztanleen %20 direla kontuan hartuta. Etorkinak 1960ko hamarkadan hasi ziren iristen Suitzara, eta euren seme – alabek selekzioan aritzeko adina dute jada. Belaunaldi berriak 2002an ezagutu zuen loria aurrenekoz, 17 urtez azpiko Europako txapelketa irabazita, eta orain gehienak Alemanian daude.
Belaunaldi bikain horretako ale onenak Munduko Kopan daude egun, eta taldearen izaera aldatu dute. Tranquilo Barnettak, italiar jatorriko erdilariak, hitz gutxitan azaldu du izaera berria. «Orain arte Suitza parte hartzearekin konformatzen zen; egun, baina, apaltasuna iraganeko kontua da». 2008an Suitzak Eurokopa antolatuko du, eta itxaropen handiak jarriak dituzte hitzordu horretan. Taldearen bilakaera eta elkar ulertze onaren gakoa bilatzen jarrita, aulkira begiratu beharra dago. Jakob Kuhn Kobi hautatzaile beteranoak lan bikaina egin du selekzioan. Suitzan maite dute gizona, eta maila apaleko langileen ikurtzat hartzen dute. Arrakastak bizileku hobea lortzeko aukera eman badio ere, betiko Zuricheko langile auzoan bizi da, eta ondo ulertzen ditu bere jokalariek pasatutako komeriak.
ZENBAT JATORRI, HAINBAT KOMERIA. Selekzioko jokalarien bizitzei erreparatuta, makina bat historia gogor topa daiteke: Hakan Yakin jatorri turkiarreko aurrelariak, adibidez, aita galdu zuen gaztetan eta, amarekin batera, zazpi anai – arreba hezi eta mantendu behar izan zituen; Ricardo Cabanas jatorri galiziarrekoari 20 urteak bete arte bere aita zorrotzak ez zion lagunekin irteten utzi; Tranquilo Barnetta guraso italiarreko 21 urteko gaztea da eta Bayer Leverkusenen jokatzen du; Blerim Dzemailai, 21 urteko Zuricheko jokalaria, jatorriz Mazedoniakoa da; eta Arsenaleko bikotea: Senderosek (21 urte), guraso espainiarrak ditu eta Johan Djouru (19 urte) Boli Kostan jaioa da.
Bizitza gogor guztien artean, baina, Valon Behramirena da latzena. 21 urteko Lazioko erdilaria gurasoekin batera errefuxiatu politiko gisa iritsi zen Suitzara, 1990ean, Kosovoko gatazkatik ihesean. Bost urte geroago babes eskubidea bukatu zitzaien gurasoei, eta Suitza uzteko agindua jaso zuten. Gurasoek hiru urte egin zituzten legearekin dantzan, 1998an herritartasuna jaso zuten arte. Valonek ez ditu ahaztu urte haiek, eta Suitzak bere familia gaizki tratatu zuela salatu du duela gutxi.
Behramin Suitzako zaleen kutunetako bat da, sailkatze fasean Turkiaren aurkako kanporaketan bikain jokatu zuelako. Egungo kutuna, baina, Suitzari bizkar ematekotan egon zen, Albaniarekin jokatzeko. Berak ez zuen bere burua suitzar sentitzen, eta Albaniarekin jokatzeko prest zegoen. Ordurako, baina, hiru urte ziren herritartasuna lortua zuela, eta Kosovok oraindik independentzia lortu ez duenez, baimen berezia behar zuen Albaniarekin jokatzeko. Baimena lortzeko ia bi urte beharko zituela jakin zuenean Suitzako selekziotik deitu zuten. Behraminek onartu egin zuen, eta ez dela damutzen esan du maiz.
HAUTATU BEHARRA, OHIKO ATAKA. Behramin ez da hautatu behar izan duen bakarra, etorkinen seme guztiek ataka hori izan dute eta denek ez dute alde berera jo. Davide Chiumientoren kasua da. Chiumientok 20 urte ditu, eta Frantziako Lehen Mailan jokatzen du. Herritartasun bikoitza du – suitzarra eta italiarra – , eta Suitzari uko egin dio. Kuhnek askotan deitu duen arren, jokalariak ezezkoa eman du beti. Chiumientoren ametsa Italiako selekzioan jokatzea da, eta horregatik ezin du Suitzaren deia onartu.
Johan Vonlanthen Bresciako jokalari gaztearen kasua antzekoa da, baita ezagunagoa ere. 20 urte ditu eta kolonbiarra da jaiotzez. Duela bi urte egin zen famatu, Europako Txapelketan gola sartu zuen inoizko jokalari gazteena bihurtu zenean. Munduko Txapelketan ere beharko luke Vonlathenek, baina min hartu zuen eta ez da deialdian sartu. Aurrelaria oso gazte hasi zen jokatzen selekzioarekin; aurretik, baina, Kolonbia edo Suitzaren artean hautatu behar izan zuen. Hasieran Kolonbiarekin jokatuko zuela esan zuen; handik gutxira, baina, iritziz aldatu zen, eta ibilbide oparoa izan du. Hautuari buruz mintzatzean, baina, ez du poz handirik islatzen: «Nire bihotza kolonbiarra da, hamabi urtez bizi izan nintzen han eta nire sendia han dago; orain, baina, suitzarra naiz eta hemen gelditu behar dudala uste dut».
Futbolean jokatzen duten haurren %60 etorkinen seme – alabak dira; etorkinak biztanleen %20 dira
David Chiumientok herritartasun bikoitza du, eta uko egin dio Suitzako selekzioarekin jokatzeari
(Puede haber caducado)