Elkartasun Azoka izango gaur da Deban

Aurtengoa bigarren edizioa izango da

Diario Vasco, ANDER SALEGI, 18-10-2020

Iaz abiatutako bideari jarraituz Elkartasun Azoka egingo da gaur Deban. Euririk egiten ez badu, Plaza Zaharrean jarriko dira mahaiak, 10:00etatik 15:00etara. Euria egingo balu, Aldats pilotalekuan egingo da.

Kooperazio proiektuetarako udalaren diru – laguntza jaso duten elkarteetako batzuk salmahaiak jarriko dituzte azokan. Iazko lehen edizioarekiko aldaketa batzuk egin dira aurten. Diru – laguntzak jaso dituzten proiektuen aurkezpena beste egun batean egingo da, eta ez iaz bezala azokaren egun berean. «Elkarte hauek egindako lanei leku handiagoa eman nahi zaie, herritarrek ezagutu dezaten ekarpenarekin zertan lagundu dugun debarrok», Aritz Larrañaga Ongizate politiketako zinegotziaren esanetan. Zein formatutan eta zein egunetan egingo den aurrerago esango da. Beste desberdintasun bat gaur egungo osasun egoerak markatutakoa izango da. Izan ere, azoka, Covid – 19aren hedapena murrizteko eta herritarren segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartuta egingo da.

Txernobil elkartea, Eibar – Sahara elkartea, Egiten, Zaporeak, Kooperazio taldea (parrokia) eta Liburu solidarioak elkarteek hartuko dute parte azokan.

Moriako errefuxiatuentzat janari bilketa egingo da. Herritarrei honako elikagaiak eman ditzaten eskatzen zaie: arroza (luzea), garbantzuak eta makarroiak. Herriko hainbat jatetxe – tabernetan erabiltzeko bonoen zozketa ere egingo da.

Atzo, urriak 17, pobrezia desagerrarazteko nazioarteko eguna ospatu zen. Nazio Batuen ‘Muturreko Pobreziari eta Giza Eskubideei buruzko Printzipio Gidarietan’ jasotzen den moduan, «aurrekaririk gabeko garapen ekonomiko, bitarteko teknologiko eta finantza – baliabideen maila duen mundu honetan, eskandalu morala da milioika pertsona muturreko pobrezian bizitzea». Gure gizarteari ez zaio arrotza «eskandalu moral» hau.

Covid – 19aren krisia hasi aurretik, datu eta adierazle gehienek erakusten zuten herritarren bizi – baldintzek okerrera egin zutela. Egia da herritarren zati batek Atzeraldi Handia ‘gainditu’ zuela, baina beste zati batek ez zuen egin, eta are garrantzitsuagoa dena, egitetik gero eta urrunago zegoen. 2018an, Euskal Autonomia Erkidegoan 270.294 pertsona ongizate – gabezia egoeran zeuden, duela bi urte baino 40.000 gehiago, eta 130.965 pertsona zeuden benetako pobrezian, duela bi urte baino 8.000 gehiago. Aurreko guztiari gehitu behar zaio arazo nagusietako bat zela lau familietatik batek ez zuela gaitasunik epe ertain eta luzera bizi – baldintza duinak bermatzeko; «gure herrian ehunka mila pertsonak ezin zioten aurre egin ezusteko bati», Covid – 19aren krisiak eragindakoa, esaterako.

Bestalde, generoa, adina eta jatorria faktore erabakigarriak dira pobrezia egoeran aurkitzeko. 2008an, benetako pobrezia – kasu guztien %33,9 emakumeak buru ziren familietan kontzentratzen ziren, eta 2018an, hau da, 10 urte geroago, %50,6. Adin – taldeei erreparatzen badiegu, 15 eta 24 urte bitarteko gazteen egoera da azken urteetan gehien okertu dena. Posizio sozial desberdinen arteko ‘igogailuek’ funtzionatzeari utzi diotenez, pobrezia gurasoengandik seme – alabengana heredatzen da; hau da, pobreziak eragin berezia eta erabakigarria du haurtzaroan. Eta, gainera, larri zeuden kolektibo hauek bereziki astindu ditu Covid – 19aren krisiak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)