Moriako erretratuak

«Herrialde hau okerragoa da gurutzatu ditudan besteak baino»

BERRIAk Moriako erretratuak bideo sortaren bigarrenak Tatiana du protagonista, Kuwaiten esklabo saldu zuten emakume kamerundar bat. Iñaki Agirre kolaboratzailearen bitartez jarri du abian BERRIAk bideo sorta, errefuxiatuen kanpalekuak su hartu ostean, han bizi direnak zer egoeratan dauden ezagutarazteko. Astero bideo bat argitaratuko da testigantza batekin.

Berria, Berria, 30-09-2020

Kamerundik atera zuten Tatiana, Kuwaiten esklabo saltzeko. Ihes egin eta Irak eta Siria zeharkatu ostean, Turkian sexu trafikoan erabili zuten. Ontzi batean sartzera behartu eta Morian dago. Errefuxiatu estatusa jaso du, baina behin hori lortuta, laguntza guztiak galdu ditu. Sei hilabete daramatza Morian. Iñaki Agirre kolaboratzailearen bitartez BERRIAk abian jarri duen bideo sortaren bigarren erretratua da.

Irailaren hasieran piztu zen sua Greziako Lesbos uharteko Moriako errefuxiatuen kanpalekuan. Lehendik gordina zen egoera are eta gordinagoa bihurtu zen. Suak denda guztiak kiskali zituen, eta milaka migratzaile kanpamentuaren eta Mitilene hiriburuaren arteko errepidean harrapatuta geratu ziren. Greziako Gobernuak beste kanpaleku bat egitea erabaki du. Hori, ordea, itxia izango da, eta babesa eskatu duten errefuxiatuei mehatxu egin diete ez dituztela euren asilo eskaerak aztertuko ez badira han euren kabuz sartzen.

BERRIAk han daudenen egoera ezagutu nahi izan du Iñaki Agirre kolaboratzailearen bitartez, eta Moriako erretratuak izeneko bideo sorta jarri du gaur abian; astero errefuxiatu baten istorioa emango du Agirrek ezagutzera. Tatianaren aurretik, Mohamed izan zen lehen protagonista. Burkina Fasokoa da, eta 17 urterekin iritsi zen Moriara. Urtebete eta hiru aste daramatza han, eta esaten du hango bizitza «ikaragarria» zela. «Europa hau al da? Europa horrelakoa da? Hau ez da Europa», dio BerriaTBko bideoan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)