Atzerritarrei euskera hurbiltzeko 'Berba truke' programa hasiko da Gernika-Lumon

Ekimenaren helburua etorkinen eta bertoko herritarren artean bizikidetza sustatzea ere bada

El Correo, IRATXE ASTUI | GERNIKA LUMO, 11-09-2020

Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak etorkinei zuzendutako ‘Berba Truke’ izeneko programa eskainiko du aurten berriro ere. Euskaraz edo gaztelaniaz berba egiteko maila daukaten ikasle atzerritarrak hizkuntza menperatzen duten pertsonekin harremanetan ipintzea da egitasmoaren helburu nagusia. Horretarako, bikote linguistikoak sortuko dituzte, euren artean berbetan egiteko aukera emanez.

«Horrela, bertoko herritarrek etorkinen jatorrizko herrien ohitura eta kulturak ezagutuko dituzte ere bai», azaldu dute Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuko arduradunek. Programaren helburua, bestetik, «eskualdean bizi garen jatorri ezberdinetako auzokideen arteko bizikidetza eta elkar ezagutza sustatzea» da.

Mankomunitatetik azaldu dutenez, Busturialdean bizi diren 18 urtetik gorako etorkinei zuzenduta dago ekimena. Gauzak horrela, parte hartzeko euskaraz ala gaztelaniaz oinarrizko elkarrizketa mantentzeko gai izan behar dutela jakinarazi dute. Era berean, euskara edo gaztelania menperatu eta eskualdean bizi diren herritarrei ere dei egiten diete Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuek programan parte har dezaten.

«Helburua hizkuntza batean zein bestean hitz egitea dela kontuan hartuta, ez da inolako titulaziorik behar», argitu nahi izan dute. Hori bai, gutxieneko konpromisoa 10 ordukoa da: «astean behin ordubete, hamar astetan, nahi duten ordutegian eta lekuan», zehaztu dute, beste alde batetik.

Informazio gehiagorako eta izena emateko Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuarekin jarri beharko da harremanetan (Industria, 7, Gernika-Lumo/ 94-465 33 23/inmigracion .ssbusturialdea@bizkaia.org).

Bermeon, etorkinentzako ikastaroak
Bermeoko Udalak, AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiek urtero elkarlanean antolatzen dituzten guraso eta etorkinei zuzendutako euskara ikastaroetan izena emateko epea zabaldu dute, hilaren 30era arte. Gurasoei zuzendutako ikastaroen helburua da «familia bidezko transmisioa bermatzea eta euskara ikasteko erraztasunak ematea», adierazi dute. Ikastaroek 120 orduko iraupena eta 20 euroko prezioa izango dute.

Etorkinei zuzendutako ikastaroak, bestalde, Bermeoko Udalaren eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiaren arteko elkarlanaren fruitua dira eta euren helburu nagusia da etorkinei euskara ikasteko aukera ematea, «integrazioan laguntzeko». Honek ere 120 orduko iraupena izango du eta prezioa 10 eurokoa izango da, «ikas-materiala kontutan hartu barik», jakinarazi dute. «Ikastaro honetan komunikatzeko oinarrizko gaitasuna lantzen da, HABE-k garatutako ‘Aisa’ metodologiaren bitartez», azaldu du Leire Iñigok Gotzon Garitaonaindia euskaltegiko irakasleak.

Zer esanik ez, ikasturte honetako eskolak egungo egoerara moldatuta egongo direla eta segurtasun eta osasun neurriak zorrotz beteko dituztela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)