Euskaltegiek Tolosalderako eskaintza aurkeztu dute
Diario Vasco, , 03-09-2020Aurten inoiz baino gehiago Tolosaldeako herritarrek euskara ikasteko duten eskubidea azpimarratu zuten atzo goizean Tolosako Aitzol Udal Euskaltegiko eta Andoain eta Tolosaldeako AEK – ko ordezkariek, eskualdeko udaletako zinegotziekin eta teknikariekin zein eragileekin batera.
Agerraldian adierazi zutenez, gero eta zabalagoa da eskualdean euskara ikasi edota praktikatzeko aukera, eta ikasturte honetan ere, «zailtasunak zailtasun, ahalik eta eskaintza erakargarriena egin nahi diegu Tolosaldeako herritarrei. Inoiz baino gehiago, herritarren beharretara egokituko den zerbitzua» ematen saiatuko direla azaldu zuten, «ezin dugu egoera honetan euskara ikastea bigarren mailan utzi, herritarrek euskara ikasteko eskubidea dute».
Tolosako Aitzol udal euskaltegiak, Tolosan bertan izan ezik «Amarotz auzoan, Amezketan, Asteasun edota Larraulen izan ditu taldea, eta aurten ere jarraipena izatea espero dugu», adierazi zuen Maixabel Zubilaga euskaltegiko zuzendariak. «Hamasei urtetik gorako edonork eman dezake izena», argitu zuen, maila guztietako taldeak dituztela azalduz: «Hamar, sei eta bost orduko aurrez aurreko moduluak eskaintzen dira, goizean goiz hasi eta iluntzera arte. Autoikaskuntza egiteko aukera ere badago». Gainera, «Agiri ofiziala nahi duen edonork eman lezake izena, A1etik hasi eta C2 maila bitartean, eta guztiek dute HABEk emandako diru – laguntza».
AEK – k ere Zizurkilen, Villabonan, Anoetan, Iruran, Alegian, Ikaztegietan, Altzon eta Lizartzan sortu ohi ditu taldeak, hasiberrietatik maila aurreratuetaraino.
«Goizeko, eguerdiko, arratsaldeko eta iluntzeko taldeak osatuko dira eskualdeko herrietan, eskolak astean bi, hiru edo lau egunez emanez», azaldu zuen Jone Tolosa Andoaingo eta Tolosaldeko zuzendariak. Maila guztiak aurrez aurrekoak izango dira, autoikaskuntza egiteko aukerarekin, eta C2 maila online egingo da. «Aurrez aurreko tutoretza irakaslearekin egiten da eta lanak etxean», azaldu zuen Tolosak.
Gainera, guraso taldeak ere antolatu ohi ditu, auzoko elkarteetan edo eskoletan, «haurrak eskolan dauden ordutegian». Gurasoek euskalduntzearen garrantzia azpimarratu zuten atzokoan, «konfinamenduak argi erakutsi baitu zenbait haurrek eskolara joan ezean euskararekin duten harremana galtzen dutela». Etorkinentzako, AISA ikastaroak ere eskaintzen dituzte «etorri berriei euskarara gerturatzeko oinarrizko edukiak irakatsiz».
Ikasturtearen aurkezpenarekin batera, euskaltegien matrikulazio epea ireki dela ere jakinarazi zuten atzo. Aitzolen irailaren 22ra arte, 943.651.006 telefonoan edota aitzolue@tolosa.eus helbidera mezua bidaliz, eta AEK – n hilaren 25era arte, 943.591.704 telefonora deituz edota andoain@aek.eus helbidera mezua bidaliz. Gainera, beren herrietan euskara ikasi nahi dutenek, norbere herriko udaletxean eman beharko du izena irailaren 1etik 17ra.
(Puede haber caducado)