Pertsonekin trafikatzea

Bilbon, Irunen eta Gasteizen izan dira atxiloketak. Espainiako Poliziak dio «etekin handiak» jasotzen zituztela muga pasatzearen truke

Berria, Oihane Puertas Ramirexz, 22-08-2020

Espainiako Poliziak 11 pertsona atxilotu zituen, atzo, Hego Euskal Herrian, eta bi talde desegin, migratzaileekin trafikatzea egotzita. Talde horietako bat Bilbon zegoen finkatuta, eta bestea, berriz, Gasteizen. Operazioan 11 pertsona atxilotu dituzte Euskal Herrian: sei Bilbon, hiru Gasteizen eta bi Irunen. Horrez gain, hiru lagun atxilotu dituzte Madrilen, eta bat Lleidan (Herrialde Katalanak).

Migratzaileak Espainiako kostaldeko hainbat tokitara iristen ziren, eta gobernuz kanpoko erakunde batzuetara bideratzen zituzten. GKE horietan bertan, edo Marokotik irten baino lehen, 200 euro ingururen truke Frantziara lekualdatuko zituztela agintzen zieten sare horietako kideek. Poliziak kalkulatu du ehunka migratzailek gurutzatu dutela Espainiako eta Frantziako muga erakunde horien bitartez, eta diru «etekin handiak» lortu dituztela horregatik.

Atxiloketen ostean, Espainiako Poliziak ohar bat argitaratu du, eta, jakinarazi duenez, erakundeetako bi buruzagiak espetxeratu dituzte. Horrez gain, Gasteizko bi etxebizitza miatu dituzte, eta, bertan, 3.000 euro, ibilgailu bat, 24 sakelako telefono, material informatikoa eta dokumentazioa atzeman dituzte.

Hegoaldetik Iparraldera

Bi erakundeek hainbat bide erabiltzen zituzten migratzaile horiek Irunera eramateko. Udalerrira iristean, erakundeek Lapurdira joateko bidea errazten zuten. Lekualdaketa ez bazuten bideragarria ikusten, migratzaileak GKE horien egoitzetan uzten zituzten, garairik aproposena iritsi arte.

Poliziaren arabera, muga zeharkatzeko, sareek hainbat metodo erabiltzen zituzten; besteak beste, lekualdatu nahi zuten pertsonak ibilgailuz eramaten zituzten Baionara, edo ohiko autobus lineak erabiltzen zituzten oso ordutegi jakinetan. Bi kasuetan, migratzaileak Baionako GKE batera edo harrera zentro batera eramaten zituzten, eta han itxaroten zuten txartelak jaso arte, Euskal Herrian edo Europako beste herrialde batzuetan zuten azken helmugaraino iristeko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)