Munduko arrozak

Berria, 14-06-2006

Leihatila

Mieltxo Monfort

uela 6.000 urte hasi ziren arroza landatzen Himalaia mendikatean, eta hinduentzat sakratuak diren Vedak testuen arabera, 500.000 mota desberdin ziren aspaldi hartan. Egun askoz gutxiago dira. Urte dezente geroago, Afrikako Nigerreko Deltan agertu zen beste espezie bat eta Europan ezagututako lehenbizikoa Asiatik ekarri zuten greziar inperioaren garaian. Valentziara (horiek ere munduko onena dutela esaten dute), mende batzuk geroago heldu zen. Eta gaur mundu osoan ezagutzen den ale horren prezioak, goi mailako erakunde ekonomikoen menpe egonik, ez du aldaketa nabarmenik izan azken urteetan: 2004an arrozaren prezioa ez zen 1968koa baino handiagoa, Nazio Batuen Erakundeak onartutako IPO indizeari erreparatuz gero.

Vietnam, Thailandia, India eta Txina dira ekoizlerik handienak. Vietnamen, esaterako, urtero hiru uzta ateratzen dituzte yankiek napalmaren eta laranja agentearen tona batzuk bota zituzten hainbat lekutatik gertu. Baina bonba berria, nekazaritzan bederen, transgenikoen bidez heltzen ari da pobreturiko herrialdeetara. Arrozak duen karoteno gabezia bideratzeko urrezko arroza sortu zuten duela sei urte, genetikoki eraldatutako arroza, hain justu. Orain dela gutxi, AEBetako enpresa batek giza geneak dituen arroza asmatu duela jakin izanak hautsak harrotu ditu: nekazarien zein talde ekologisten ustez «transgeniko horrek uzta tradizionala kutsatzeko arrisku handia du» (aipatu guztia eraldaketa genetiko horiek gure osasunean izan ditzateken eraginak batere garbi ez daudenean). Munduak ekoizten duenak pertsona guztiak asetzeko beste ematen badu ere, negozioak oinarrizko eskubideen aurrean egon beharko aurrera egiteko.

Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) adierazi berri duenez, azken mendean laboreen espezieen %75 galdu dira, merkataritza – erabakiak direla kausa. Gure herri txiki honetan, azken 20 urteetan baserrien %50 galdu direla salatu dute baserritarrek: hemen ere, aniztasuna txikitzen ari gara eta horren ondorioz pentsamendu bakarra (arlo askotan) nagusitzen ari da. Pentsamendu horrek, besteak beste, gurea onena dela eta gainerako guztia txarra pentsatzera eramaten gaitu: entzuna dugu, esaterako, «etorkinen %80 droga – trafikatzaileak direla» (eta egia izanez gero, zuriok asko kontsumitzen dugun seinale litzateke); askoz gutxiago entzun da, bestalde, aste honetan bertan Santurtziko Udaltzaingoak egindako salaketa: boliviar batek lan egiten zuen txakurtegian bertan lo egiten zuela dioena (inolako kontraturik gabe eta oporrik gabe).

Pasa den larunbatean kultur, hizkuntza, kontinente eta arraza desberdinetako 800 bat lagun bildu ziren Bilboko San Frantzisko auzoko Plazara. Munduko Arrozak jaialdiaren 3. edizio honetan beroak (eta aurreritziek) ezin zuen 49 paella desberdinen dastaketa eta jaia zapaldu. Antolatzaileek, Iruñean eta Gasteizen egin zuten bezala, nabarmendu nahi izan dute espazio publikoak hiritarren gozamenerako eta aldarrikapenerako direla, eta bazterketan bizi diren auzoetan elkarbizitzaren irudi positiboa sortu behar dela. Xenofobia eta arrazakeriaren aurka, elkartasuna da txertorik onena. Elkartasuna bai, behar duen orori eman, eta gure ametsak eta gabeziak betetzeko beharrezkoa dena (zati bat bederen) hartu: herrien arteko maitasuna dela esan zuen beste batek. Eta datorren urtean, arroz gehiago eta elkartasun handiago (edo Parte Hartuz taldeak dioen bezala, dinamika parte – hartzaileak egunerokotasunean eraikitzen).

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)