Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean, bizitza eta duintasuna lehenetsi daitezela eskatu dute

Gara, NAIZ, 20-06-2020

Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean ehunka herritar mobilizatu dira Euskal Herriko hiriburuetan errefuxiatuen eskubideen alde. Bizitza eta duintasuna lehenesteko konpromisoak har ditzatela eskatu diete administrazioei. «Erbeste izan ginen, izan gaitezen babes», aldarrikatu dute.

Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da ekainaren 20a eta, horren karira, ehunka herritarrek hartu dute parte larunbat honetan Hego Euskal Herriko hiriburuetan errefuxiatuen eskubideen alde lan egiten duten 30 elkartek deitu dituzten mobilizazioetan.

Elkarteok argitara eman duten agiri bateratuan argudiatu dutenez, «egun bizi dugun egoera konplexua ez da birus baten ondorio: garapen neoliberala, koloniala eta heteropatriarkala nagusi dituen eredu hegemoniko baten ondorioak bizitzen ari gara». Haien iritzian, eredu hori da milioika pertsona «bizitza posible egiten duen ondasunik gabe» utzi eta natura «kolapsatua» egotea eragiten dutenak.

Errealitate horrek bultzatuta, iaz Estatu espainolera ehun mila errefuxiatu baino gehiago iritsi zirela ekarri dute gogora, eta horietatik 5.000 inguru direla Euskal Herrira etorri direnak. «Baina askoz gehiago dira bidean geratu direnak, mugen militarizazioaren eta esternalizazioaren ondorioz», salatu dute, eta horretan hainbat herrialdek, tartean Libia, Maroko eta Turkia, duten erantzukizunean jarri dute azpimarra eta bereziki emakumeek, LGTBI kolektiboko pertsonek eta haurrek pairatzen duten biolentzia gaitzetsi dute.

Gauzak hala, eskaera zehatzak egin dizkiete administrazioei. Inork sorlekua utzi behar izan ez dezan, klima aldaketan eragiteko –erregai fosilak oinarri dituen eredua etenaz– eta industria militarra ez sostengatzeko –Euskal Herrian ez dadila armarik ekoitzi eta merkaturatu– eskatu dute. Era berean, errefuxiatuak Euskal Herrira euren bizia arriskuan jarri gabe etor daitezen Aita Mari eta Alan Kurdi ontziei ezarri zaien blokeoa bertan behera uztea, asilo – prozeduretarako legezko bide seguruak sortzea eta legez kanpoko itzularazteak egiteari uztea ere eskatu dute.

Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak behin betiko ixtea, erregularizaziorako ezohiko neurriak abian jartzea eta harrera – sistema malgu eta jasangarria sustatzea dira exijitu dituzten beste neurriak eta, azkenik, politikaren bozeramaileek diskurtso arrazista eta xenofoboen aurrean jarrera irmoa hartu dezatela  aldarrikatu dute.

«Euskal Herria abegitsua izatea nahi dugu, desberdintasunarekiko errespetua erakutsiko duena, egungo gizarteak osatzen dituzten pertsonek osatua, edozein dela ere haien sorlekua. Erbeste izan ginen, izan gaitezen babes», amaitu dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)