Covid-19aren krisiaren eraginez errefuxiatuen zailtasunak areagotu egin direla ohartarazi du CEAR-ek

Gara, Asier ROBLES, 19-06-2020

EAEko asiloari buruzko datuak eman ditu CEAR – ek eta koronabirusak asilo – eskatzaileei, migratzaileei, errefuxiatuei eta aberrigabeei nola eragin dien azaldu du. Bilbon eginiko aurkezpenean Boli Kostatik eta Kolonbiatik etorritako lagunek euren egoera azaldu dute.

CEAR – Euskadik errefuxiatuen inguruko 2020 urteko txostena aurkeztu du gaur Bilboko Bolunta aretoan. Bertan EAEko, espainiar estatuko eta Europako asiloari buruzko datuak eman ditu, eta azaldu du nola eragini dien Koronabirusak erakundearen arretaren hartzaileei, hau da, asilo – eskatzaileei, migratzaileei, errefuxiatuei eta aberrigabeei.

Barne Ministerio espainarraren datuak kontuan harturik, 2019an 4.826 pertsonak eskatu zuten asiloa EAEn; haietatik 3.395ek Bizkaian, 891ek Araban eta 540k Gipuzkoan. 2018ko egoerarekin aldaratuta, hirukoiztu egin zen zenbatekoa, urte hartan 1.595 eskaera erregistratu baitziren EAEn. Patricia Barcenak, CEAR – Euskadiko zuzendariak, azaldu du haietako ia erdiari laguntza eman zietela, eta gehienek Venezuela, Nikaragua, Kolonbia eta Hondurasetik zetozela.

2020an joerak berdin jarraitzen duela azaldu du Barcenak, eta covid – 19aren ondorioz mugak itxi eta konfinamenduan asilo – izapideak eten egin badira ere, urteko lehen 5 hilabeteetan 1.124 asilo – eskaera erregistratu dira, 688 Bizkaian, 298 Araban eta 138 Gipuzkoan. Eskatzaileen nazionalitate – profila ere ez da aldatu: «gehienak latinoamerikakoak dira, 18 urtetik 35era bitartekoak».

Covid – 19aren eragina

Barcenak azaldu duenez, konfinamenduan zehar administrazio – jarduera ia erabat geldiarazi zenez, pertsona askok luzatuta ikusi zuten harrera – plazetako egonaldia, baina tramitazioak berriro martxan jartzen direnean, asilo eskatzaileek 15 egun baino ez dituzte harrera – zerbitzuetatik ateratzeko. «Hortaz, egun batetik bestera, zaurgarritasun – egoera larrian gelditzen dira», azpimarratu du CEAR – Euskadiko zuzendariak.

Izan ere, itxialdia iraun duen denbora – tartean beraien egoera asko zaildu dela azaldu du Barcenak: Ezin izan dute bizilekurik bilatu; salbuespen gutxi batzuetan izan ezik, ez dute prestazio sozial publikorik jasotzeko eskubiderik izan; ezin izan dute irtenbide sozialik edo – lan mundurako irtenbiderik prestatu; eta ez dute Bizitzeko Gutxieneko Diru – sarrera jasotzeko eskubiderik izan.

«Osasun – larrialdiaren aurretik zaurgarritasun – egoeran zeuden pertsonak bereziki ari dira pairatzen krisialdiak ekarri dituen ondorio sozialak eta ekonomikoak. Gainerako pertsonak bezala, gaixotasunaz kutsa daitezke. Baina, gainera, haien bizitzetan aurretik ezarrita dagoen prekarietatea areagotzen ari da egunotan», ohartarazi du Barcenak.

Gael Isaad

Egoera hau Boli Kostan jaiotako 20 urteko Gael Isaadek bizi izan du. Azaldu duenez, oso txikia zela atera zen bere herrialdetik indarkeriatik ihesi, eta 10 urtez Afrikako 12 herrialde ezberdinetan egon ondoren, 2018an Europara iritsi zen Mediterraneoan zehar, non Itsas Salbamenduak erreskatatu behar izan zuen.

Bilbora iritsi zenean, hainbat herritarrek sortutako harrera sareen laguntza izan zuen, eta asiloa eskatu ondoren, Estatuko harrera – programan sartu zen CEAR – en bitartez. Dionez, hemen «bizi berri bat» sortu du, eskola – graduatua ateratzeko ikasten ari da, gaztelania ikasi du eta ostalaritza ikasten ari da. Horrez gain futbolean aritu da zenbait taldetan.

Baina itxialdia hasi baino gutxi lehenago, asiloa ukatu zioten eta, beraz, baita estatuko harrera – programarako sarbidea ere. «Oso egoera zaila da. Orain hutsetik hasi behar dut berriz. Ez dut nire herrialdera itzularazterik nahi, azken 10 urteotan alderdi txarrak ahazten eta bizimodu berri bat sortzen saiatu naiz. Ezin dizkidate ametsak kendu: lan egitea, futbola, familia bat osatzea eta, egunen batean, kalean nik bizi izandakoaren antzeko egoeran dauden pertsonentzako elkarte bat sortzea».

Erika eta Eduardo

Aurkezpenean, Erika eta Eduardo kolonbiatik etorritako asilo – eskatzaileen egoeraren inguruko bideo bat proiektatu da. Hiru seme – alabekin batera iritsi ziren EAEra duela pare bat urte. «Bizimodu erosoa genuen, gure karrerekin eta gure familiarekin. Hango egoera segurua ez zelako joan ginen, eta hutsetik hasi ginen» azaldu du Erikak. Diotenez, Kolonbian karrera profesionalak badituzte ere, hemen ezin dituzte homologatu, eta, beraz, berriz egin behar izan zuten prestakuntza, «eta jarduteko modu berri bat sortu». Gainera, covid – 19ren osasun – larrialdi honek berriro ere geldiarazi ditu haien bizitzak, eta berriro hastera behartuak ikusi dira.

CEAR – Euskadiko zuzendariak jakinarazi duenez, espainiar Estatuan nazioarteko babesa jasotzeko aurkezten diren eskaeren %5 bakarrik onartzen da. «Hori dela eta, premiazkoa da erregularizazio – prozesu bat abiaraztea, eskubideak baliatu ahal ditzaten baldintza beretan, eta harrera egiten dien herrialdeari eskaintzen dizkioten trebetasunak, dedikazioa eta konpromisoa kontuan har daitezen», adierazi du Barcenak.

Eskakizunak Lakuako Gobernuari

Uztailaren 12an EAEn egingo diren hauteskunde berrien aurrean, CEARek eskaera hauek egin dizkio aterako den Gobernu berriari. Asilo eske iristen diren pertsona guztiek eskubide, zerbitzu eta baliabide publikoak baliatzeko aukera dutela bermatzea; nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonei eta errefuxiatuei harrera egitea EAEn, eta gizarteratzen laguntzea; espainiar Gobernuari eskatzea jar ditzala abian zenbait neurri ohiz kanpoko erregularizazioak gauzatzeko, egoera irregularrean dauden atzerritarren eskubideak bermatze aldera; eta migrazioak kudeatzeko eredu berri bat sortzea, malgua, arina eta eraginkorra, asiloa ukatu zaien pertsonek lege – estatus erregular bat lortu ahal izateko neurriak jasoko dituena.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)