Zerbitzu publikoen alde mobilizatzera deitu du ekainaren 19an Eskubide Sozialen Kartak
Gara, , 10-06-2020Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ekainaren 19rako mobilizazioak deitu ditu, «Publikoa eta funtsezkoa zaindu, aberastasuna banatuz. Lehenik bizitza!» lelopean. Mobilizazio hauek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan (Bilbo, Iruña, Donostia eta Gasteiz) goizean eta arratsaldean izango dira. Herri batzuetan ere egingo dira ekintzak, arratsaldez.
Mobilizazio hauek zazpi alorretarako neurri zehatzak aldarrikatzeko asmoz deitu ditu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak. Mitxel Lakuntzak eta Garbiñe Aranburuk (ELA eta LABeko idazkari nagusiak) azaldu dituzte zazpi alor hauek, Donostian egindako agerraldi ireki batean. Iruñean ere prentsaurrekoa egin dute.
Zerbitzu publikoak garatzea aldarrikatzera deitu dute. Zaintza lanen, osasungintza publikorako lanean ari diren zerbitzuen, administrazio publikoek (hezkuntza publikoa, osasungintza…) azpikontrataturiko zerbitzuen (garbiketako, hezkuntzako monitoreak, jantokietako langile – hezitzaileak…) eta anbulantzia zerbitzuen «berehalako publifikazioa», langile guztien subrogazioa eta finkatzeko salbuespenezko prozedura bat bermatuz. Esparru hauetako lan baldintzak langile publikoaren lan baldintzekin parekatzea ere galdegiten dute.
Zaintza eredua aldatzea eskatu dute, zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa bermatuz. Horretarako, administrazioei 10.000 lanpostu sortzea galdegin diete.
Pobrezia eta bazterketa sozialaren kontra, DSBEa eta EBa gutxieneko soldataren %100a izan dadin eta etxebizitza eskubidea bermatu dadin eskatu dute.
Pentsioak ere aldarrikatu dituzte: 1.080 eurotako gutxieneko diru – sarrera erretiroa hartuta duten pertsonentzat.
1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko gehienezko lanaldia dira beste aldarrikapen batzuk.
Fiskalitate berriari dagokionez, Eskubide Sozialen Kartak jasotzen duen proposamenak suposatzen duen gastu igoera guztia eta testuinguru honetan sortuko den zor publiko guztia «errenta altu, kapital – errenta eta enpresen irabazien gaineko zergen kontura» izatea defendatzen du.
Azkenik, administrazio – egoera irregularrean eta ezkutuko ekonomian lanean ari diren pertsona guztien erregularizazioa aldarrikatu du.
Mobilizazioak
11.30ean egingo dira goizeko mobilizazioak Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Bilbon, udaletxetik hasita, Iruñean autobus geltokitik, Donostian Alderdi Ederretik eta Gasteizen Foru Plazatik.
Arratsaldean, 19.30ean Bilboko Moyuara azaltzeko dei egin dute; 19.00etan Iruñeko Gaztelu Plazara; 18.30ean Donostiako Bulebarrera eta 18.30ean Gasteizko tren geltokira (Dato kalean).
(Puede haber caducado)