Arrazakeria
Arrazakeriaren kontrako aldarriak hiriburuak bete ditu
Donostian, Gasteizen eta Bilbon milaka lagun atera dira kalera George Floyden hilketa, eta arrazakeria eta xenofobia salatzeko. Baionan eta Iruñean aurrez egin zituzten protestak. Bigarren kasuan, Elhadji Ndiaye ere oroitu zuten.
Berria, , 07-06-2020George Floyden hilketak arrazakeriaren aurka mugiarazi ditu mundu osoko herritarrak, baita Euskal Herrian ere. Milaka lagun kalera atera dira Donostian, Bilbon eta Gasteizen, Black Lives Matter (beltzen biziak axola du) oihu artean.
Donostian eginikoa izan da hiruretan jendetsuena. Bulebarra bete dute SOS Arrazakeriak deitutako manifestaziora gerturatu direnek. Bertan, beltzek jasaten duten diskriminazioa salatu dute: lan esplotazioa, etxebizitzen sarbiderako zailtasunak, eskubide politiko falta, eskuin muturraren arrazismoa… «Arrazakeriak eta xenofobiak giza eskubideetan oinarritutako jendarte demokratiko eta bidezko bat eraikitzea ekiditen dute», borobildu dute.
George Floyden heriotzaren ostean AEBetan hasitako protesten zabalkundearen erakusle dira mobilizazio horiek, eta handik ekarritako keinuak ere ikusi ahal izan dira. Besteak beste, Bulebarreko jendetza belaunikatuta ikusteko aukera egon da, isiltasunean.
Ederra izan da Donostiakoa. pic.twitter.com/RAUEhrzsR7 — PIZTU DONOSTIA (@PiztuD) June 7, 2020Bilboko mobilizazioak Justizia Jauregia izan du epizentro, arrazakeria instituzionala salatzeko asmoz. Gasteizen, berriz, Andre Maria Zuriaren plazan elkartu dira. «Ez da beltzak zurien aurka, denok arrazakeriaren kontra da», oihukatu dute han, besteak beste.
Bilbo eta Euskal Herria arrazakeriaren aurka!! Beti antifaxistak!! #BlacksLivesMatter pic.twitter.com/BhB39qkidp — Indautxutik (@Indautxutik) June 7, 2020Iruñean atzo egin zuten mobilizazio handia. Floyd ez ezik, Elhadji Ndiaye ere oroitu zuten, haren omenezko plakaren aurrean. «Egiturazko arrazakeria» salatu zuten bertaratu ziren manifestariek. Baionan, aldiz, ostegunean egin zituzten protestak, polizia etxearen aurrean.
Protesta keinu gisa belaunikatu dira manifestariak AEBtan poliziak erail duen George Floydi omenez. @berria pic.twitter.com/7aJ0tIYhJs — Oihana (@oi_tsr) June 4, 2020(Puede haber caducado)