Greziako Gobernuak 11.200 errefuxiatu botako ditu etxebizitza sozialetatik

Atenasek sei hilabetetik batera murriztu die egoitza baimena errefuxiatu estatusa aitortuta zutenei

El Correo, UNAI SARRIUGARTE , 03-06-2020

Greziako Gobernuak 11.200 errefuxiatu botako ditu etxebizitza sozialetatik. Izan ere, errefuxiatu estatusa aitortua zutenei egoiliar baimena sei hilabetetik bakar batera murriztu die. Hori dela medio, familia ugari kalean geratu daitezke, nora joan jakin gabe.

Azken egunotan Greziako Gobernuak lehendabiziko familien etxe kaleratzeak jorratu ditu. Lehen irtenarazteak apirilean egitekoak ziren, baina koronabirusak eragindako itxialdiaren harira, ekaina arte atzeratu zituzten. Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroaren legealdian egun arte hartutako erabaki garrantzitsuenetakoa da. Estatuaren tutoretzapeko egoitzan egoteko epea sei hilabetetik hilabete batera murriztearena, alegia.

Syriza alderdi politikoak aurrera eramandako sei hilabeteko epea ez zen errefuxiatu guztiengana iristen. Atenasko Victoria eta Omonia auzoak ostatu dituzten hainbat kidek, esaterako, modu irregularrean urteak daramatzate bisa eskuratzeko itxaroten.

Denbora tarte horretan errefuxiatuak egoera erabat zaurgarrian ageri dira, lanpostua edota beste hainbat eskubide lortzeko edonolako aukerarik gabe. Kolektibo horren barnean, familiarik gabe bakarrik bidaiatzen duten hainbat adingabe daude, etengabeko jazarpen poliziala jasaten dutenak.

Atenasko Gobernuak nabarmentzen duenez, Estatuak ezin die errefuxiatuei bizitza osorako laguntza ekonomikorik eta etxebizitzarik eskaini. Nazioarteko erakunde ugari, hala nola, Human Rights 360, Greziako Errefuxiatuen Kontseilua edota Giza Eskubideen Greziako Elkartea erabaki horren aurka agertu dira eta milaka pertsona kale gorrian geratuko direla salatu dute, inolako aukerarik gabe. Hala ere, ez du ematen Gobernuak iritziz aldatuko duenik, ezta egoera konponduko denik ere.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)