Mugimendu antifaxista «terrorista» gisa sailkatuko duela esan du Trumpek

Hiru hildako eta 2.500 atxilotu baino gehiago AEBetako protestetan. Minneapolisek gidari zuri batek kamioia manifestarien kontra bota du.

Berria, Edu Lartzanguren, 01-06-2020

Mugimendu antifaxista azken egunetako istiluen atzean dagoela eta «erakunde terrorista» izendatuko duela esan du Donald Trump AEBetako presidenteak. Polizia zuri batek Minneapolisen George Floyd beltza hil zuenetik, seigarren gauez liskar larriak gertatu dira AEBetako hainbat hiritan. Minneapolisen bertan, protesta egiten ari ziren autobide batean, eta gidari zuri batek kamioia bota du, abiada bizian, manifestarien aurka.
«AEBek ANTIFA erakunde terrorista izendatuko dute», adierazi du Trumpek, Twitterren bidez.
AEBetako fiskal nagusi William Barrek berehala hasi da Trumpen mehatxua betetzen: esan duenez, FBI mobilizatuko du «muturreko taldeak eta kanpoko asaldatzaileak» identifikatzeko. «Antifak eta antzeko taldeek liskarrekin lotuta bultzaturiko eta gauzaturiko indarkeria etxeko terrorismoa da, eta horren arabera izango da tratatua». Manifestazio baketsuak «bahitu» dituztela, gaineratu du Barrek.
Zuri supremazistak zergatik ez dituen berdin tratatzen galdetu dio Alexandria
Ocasio-Cortez legebiltzarkide demokratak. Azaldu duenez, FBIk esan izan dio ezin dituela zuri supremazista armatuak terroristatzat hartu, horrek arriskuan jarriko lituzkeelako askatasun zibilak.
Ekintza Antifaxista talde historikoa (Antifaschistische Aktion) Alemanian sortu zuten 1923. urtean, KPD Alemaniako Alderdi Komunistarekin lotuta. Naziek suntsitu zuten taldea boterera heldu zirenean, 1933. urtean. Izen eta bandera berarekin, ezkerreko taldeak biltzen dituen mugimendua sortu zen berriz Alemanian 1980ko hamarkadan, eta zabaltzen joan zen Europako hainbat herrialdetara, tartean Euskal Herrira. AEBetan lan handia egin du taldeak azken urteotan, arrazakeriaren aurkako protestak antolatzen.
Iaz esan zuen Trumpek mugimendu antifaxista terrorista deklaratzeak «lagunduko» liokeela «Poliziari bere lana egiten». 2017an, Charlottesvillen gertaturikoaren ardura talde antifaxistei leporatu zien Trumpek. Orduan, neonazi batek emakume gazte bat hil eta dozenaka pertsona zauritu zituen, autoarekin arrazakeriaren aurkako manifestazio baten kontra jota.
Antzeko eraso bat gertatu da Minneapolisen azken orduetan. Floyden hilketaren aurka, hiriko autobide batean manifestazioa egiten ari ziren milaka pertsona, eta gidari zuri batek kamioia bota du haien kontra, abiada handian. Manifestariek gelditzea lortu dute, eta kamioitik atera dute. Harrigarria badirudi ere, erasoan ez da inor hil. Poliziak eraman du atxilo gidaria.
Etxeratzeko agindua ezarri dute 40 hiri ingurutan, baina manifestariek ez diote jaramonik egin, eta istiluak gertatu dira, besteak beste, New Yorken, Chicagon, Philadelphian eta Los Angelesen. Poliziak indarkeria handiz jo du manifestarien aurka, eta hauek Poliziaren hainbat auto erre dituzte. Dendak arpilatu dituzte hainbat hiritan.
New Yorkeko alkatearen 25 urteko alaba atxilotu zuten larunbat gauean, manifestazio batean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)