Bera, munduari zabalik
Gaur hasi eta igandea bitarte, Mugarik Gabe festa egingo dute Beran, bertako etorkinekin bat egiteko
Berria, 09-06-2006Erredakzioa
Donostia
Beran (Nafarroa) arduratuta daude etorkinen egoerarekin: haiek etxean sentitzea nahi dute, eta, era berean, gainerako herritarrengan kontzientzia piztea; bizikidetza bultzatzea, alegia. Horregatik prestatu dute Bera Mugarik Gabe jaialdia. Gaur gauean hasiko da, emanaldi batekin: Pedro Perez – Rosadoren Agua con sal filma ikusi ahal izango da Kultur Etxean. Olga eta Marijo etorkin gazteen eguneroko jarduna erakusten du filmak; aurrera egiteko oztopoak, borroka eta grina. Beraz, oso baliagarria gerta daiteke etorkinen bizimodua ulertzen laguntzeko.
Bihar, berriz, kirolaren eguna izango da. Munduko Futbol Txapelketa ez da Alemaniara mugatuko; Beran ere antzeko zerbait egingo dute, neurri txikiagoan bada ere: 17:00etatik aitzinera, hainbat selekzio lehiatuko dira kiroldegi aurreko bosteko futboleko partidetan. Eta igandean segida izango du txapelketak: gaztetxoen bosteko futboleko partida eta finala egingo dituzte, 10:00etan.
Berako Udaleko Gizarte Gaietarako Batzordeak antolatu duen jaialdian, baina, musika eta gastronomia ere ez dira faltako. Igandean, Ricardo Baroja pilotalekua ederki girotuta egongo da, 17:00etatik aurrera: abesbatzak eta Contigo Peru dantza eta musika taldeak alaituko dituzte herritarrak, helduak zein gazteak. Gainera, munduko hainbat tokitako jakiak dastatzeko aukera izango du gerturatzen denak, nazioarteko sukaldaritza: Ekuador, Peru, Argentina, Maroko, Guatemala… eta Euskal Herriko gastronomia ere bai, nola ez. Berak mugarik ez duela erakutsiko dute asteburu honetan.
noiz zer
Gaur. Agua con sal filma, Berako Kultur Etxean. 21:00. (2 euro).
Bihar. Mundialak Beran. Bosteko futbola kiroldegi aurrean, 17:00etatik aurrera.
Igandean. Haurren futbito partida (10:00). Musika eta dantza saioa; munduko jakiak dastatzea, pilotalekuan (17:00).
(Puede haber caducado)