'Aita Mari' ontzia geldiarazi du Italiak

Italiako kostazainek azterketa bat egin diote itsasontziari, eta geldiarazteko agindu diote asteazken arratsalde honetan.

Berria, Mikel P. Ansa, 07-05-2020

Palermoko portuan zegoen ontzia, eta araudia betetzen ote zuen ikertzera joan dira kostazainak, haien hitzetan. Atzo Sea Eye gobernuz kanpoko erakundearen Alan Kurdi ontziari ere gauza bera egin zioten, eta portuan geldiarazi zuten, «irregulartasunak» aurkitu zizkiotela argudiatuta.

Polizien esanetan, Aita Mari-k ez du araudia betetzen, eta arriskuan jartzen ditu eskifaiaren eta ontzian ibil daitezkeen pertsonen segurtasuna. Xehetasun gehiago ez da iritsi oraindik, baina kostazainek adierazi dute itsasoko ingurumenari eta nabigatzeko segurtasunari kalte egiten dioten baldintzak dituela itsasontziak.

«Aurkitutako irregulartasunen ondorioz, horiek konpondu bitarte geldiarazia izango da unitatea», zehazten du Poliziaren agiriak. Beren jarduna arrazoitu dute, esanez Italiako portuetan lehorreratzen direnean atzerriko banderak dituzten ontziei azterketa «ohikoak» egiten dizkietela ea araudia betetzen ote duten egiaztatzeko.

Italiak eta Maltak apiril hasieran itxi zizkieten portuak Mediterraneoan erreskatatutako migratzaileak daramatzaten ontziei. Aita Mari ontzia ia astebetez egon zen itsasoan 40 bat migratzailerekin, porturatzeko baimen baten zain, apirilaren erdialdean. Alan Kurdi ontzia ere antzera ibili da, 146 migratzailerekin.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)