Segurtasuna eta immigrazioa
Berria, 08-06-2006Leihatila
CRISTINA BERLANGA
Aste honen amaierarako aurreikusi dute Espainiari Afrikako kostak zaintzen laguntzeko Europako Batasuna bere mugez kanpo egitekoa den lehen kontrol operazioa; izan ere, handik Afrikatik irteten dira txalupak Europa hegoaldeko mugarantz. Era berean, AEB Ameriketako Estatu Batuetako guardia nazionala Mexikoko mugan ari da zabaltzen egunotan, paperik gabeko etorkinen helduera kontrolatzeko. Hedabideek eta hainbat alderdi politikok delinkuentziarekin lotzen dute behien eta berriz immigrazioa kasu horietan; hori bihurtu dute segurtasun ezaren arrazoi. Horiek horrela, inbasioa jasateko eta kriminalitateak gora egiteko arriskua dagoela sinetsarazi ondoren erabakitzen dira konponbideak. Betiere, inbasio ideia, delinkuentziaren aurkako gerraren ingurukoa, sendotzen duen hizkera militarra erabiliz.
Hala, operazio militar bat hasi dute, Espainiako Guardia Zibilak diseinatutako plan batean oinarritutakoa eta mugen kontrolerako Europako agentziak koordinatzen duena; horrekin batera, baita europarrak lasaituko dituen ofentsiba diplomatikoa ere. Carlos Montemayorren arabera, paperik gabeko etorkinak inbaditzailetzat hartzeak sendotu egiten du estatubatuarrengan gerra baten aurrean -herrialdeak gaizkiaren eta terrorismoaren ardatzaren kontra duena-dauden ustea.
Immigrazioa dela eta segurtasuna bilatu behar hori ez da berria, ordea. Egia da Europak eta AEBek langile merkeak behar dituztela, baina egia da, era berean, ez dutela nahi etorkinak bertan gera daitezen. Migrazio fluxuen kontrola eta mugen ixtea dira migrazio politiken ardatzak. Orain arte, Europako Batasunetik hurbilen dauden herrialdeek eta Europako Batasuneko kide izan nahi dutenek lagundu dute batez ere helburu hori lortzen. Izan ere, laguntza hori ematea izan da EBko kide izateko baldintza.
Gainerako herrialdeei beren mugak kontrolatzea eta etorkinak aberriratzea exijitzen diete, merkataritza eta kooperazio akordioak sinatuko badituzte.
Jauzi kualitatibo handia da Europako militarrak Afrikako kostara bidaltzea, Europako Batasuneko mugak hedatzeari eta estatu horien subiranotasuna mugatzeari dagokionez. Bai eta edozein herrialdetatik norberarenetik barne irteteko eskubidea ukatzea ere, pertsona orori dagokiona. Operazio hori egin dutenek diote Afrikako estatu horiekin sinatutako akordioak direla horren oinarri juridikoa. Pan Africa 2006-2008 deitu diote, eta 90 milioi euroko aurrekontua du hasiera batean. Printzipio txalogarriak ditu oinarri, eta demokrazia, giza eskubideen errespetua, bakea eta segurtasuna xede; beraz, ez du zalantza izpirik uzten. Lankidetza migrazio fluxuen kontrolarekin lotzea da helburua berriz ere, planaren xede eta lehentasun geografikoek (sorterriak eta etorkinen joan-etorriak) erakusten duten bezala.
Eta, berriz ere, ukatu egiten da migrazioen izaera konplexua, faktore ekonomiko, sozial eta indibidualek horretan duten zerikusia; kontrol hutsera mugatzen dute, eta hori herrialde igorleei beraiei dagokie gero eta gehiago.
(Puede haber caducado)