Migratzaileak

'Aita Mari'-k utzi ditu erreskatatutako 34 migratzaileak Italiako Gobernuaren ferry batean

Italiako agintarien baimena jaso du Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi duenez.

Berria, Jon Ordoñez Garmendia, 20-04-2020

“Denak salbu daude”. Hitz horiekin SMH Itsas Salbamendu Humanitarioak jakinarazi du Aita Mari erreskate ontziak utzi dituela Italiako Gobernuaren ardurapeko ferry batean aste honetan Mediterraneoan erreskatatu dituen 34 migratzaileak. Atzo jaso zuen toki seguru batean uzteko baimena. “Muturreko egoeran” ziren, eta lehorreratzeko baimena eskatu zieten, eta baimena atzo iritsi zen: ferry batean uzteko, Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEak bart gauean jakinarazi duenez. Paola de Micheli Italiako Garraio ministroak eman du baimena.

Aita Mari Lampedusatik Sizilia mendebaldera joan da Italiak aginduta, eta Palermo inguruetan dago. Datozen orduetan utziko ditu migratzaileak ferry horretan, eta litekeena da, lehen egunetan, berrogeialdian egotea koronabirusagatik. Aita Mari-ren eskifaiako kideen artean ez dago medikurik; haien asmoa Pasaiara (Gipuzkoa) itzultzea zen erreskaterako deia jaso zutenean, eta, hori dela eta, gutxieneko eskifaiarekin doaz.

“Aita Mari-n doazen pertsonei emandako erantzuna eskertu nahi dugu, euren osasuna okertzen ari baitzen. Maltak utzikeriaz jokatu du salbamendu eta laguntza ematerakoan, eta bi egun utzi zituen itsasoan noraezean gu iritsi arte”, esan du Iñigo Mijangos Itsas Salbamendu Humanitarioko presidenteak. Italiako salbamendu taldeen jarrera ere eskertu du. GKEak gaineratu du Alan Kurdi ontziak ere jaso duela daramatzan 145 migratzaileak beste ontzi batean uzteko baimena.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)