Munduan 191 milioi immigrante daude
Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi du datua, baina legez kanpoko etorkinen kopurua zehazteke dago
Berria, 08-06-2006kristina berasain
Sorlekua utzi eta beste herrialdetan bizi diren 191 milioi pertsona daude munduan. Nazio Batuen Erakundeak atzo jakinarazi zuen datua. Emigranteak herrialde aberatsetara joaten dira bereziki eta bostetik bat AEB Ameriketako Estatu Batuetara. Herrialde honetan daude immigrante gehien: ia berrogei milioi AEBetako populazioaren %20,2 etorkinak dira. Hamabost urtean ia bikoiztu egin da herrialdeak duen immigrante kopurua 23 milioi immigrante zeuden duela hamabost urte. Mundu zabalean ere nabarmen areagotu da kopurua denbora tarte horretan. Azken hamabost urteetan 36 milioitan egin du gora kopuruak. 1990. urtean 155 milioi etorkin zeuden munduan. Horiek guztiak nazioarteko erakundeak emandako iazko datuak dira eta, litekeena da, kopurua erabat erreala ez izatea legez kanpo bizi diren immigranteen kopuru zehatza jakitea zaila dela aintzat hartuta.
Europan hartzen dute aterpe emigrante gehienek: %34. AEB (%23), Asia (%28), Afrika (%3) eta Latinoamerika (%3). Munduan dauden immigranteen %75 herrialde aberatsetan daude, hain zuen ere, aberatsak diren hogeita zortzi herrialdetan 115 milioi etorkin bizi dira.
Garapen bidean dauden herrialdeetan ere immigrante ugari dago: 75 milioi. Saudi Arabian, Bahrainen, Brunein, Arabiar Emirerri Batuetan, Kuwaiten, Qatarren, Hego Korean eta Singapurren bizi dira bereziki etorkin horiek.
Kofi Annan NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak herrialde batetik bestera joateko joera gero eta handiagoa dela adierazi eta txostena garai berri honetarako «errepide mapa» dela jakinarazi zuen: «Nazioarteko migrazioak, zuzenak diren politiken sostenguarekin, oso onuragarriak izan daitezke bai emigranteen jatorrizko herrialdeentzat eta bai iristen diren herrialdeentzat». Gero eta indar handiagoa hartzen ari den fenomenoak dituen onurak onartzen ez dituzten jarrera salatu zuen Annanek. Txostenaren arabera, immigranteek maila baxuko lanpostuetan aritzen badira ere, irabazitako diruarekin jatorrizko herrialdeen egoera ekonomikoa hobetzen laguntzen dute. Urtean 167.000 milioi dolar bidaltzen dituzte etorkinek jatorrira. Filipinak, Serbia eta Montenegro dira proportzionalki diru gehien jasotzen dituzten herrialdeak.
BUSHEN ASMOAK ETORKINENTZAT. AEBetara iristen diren emigranteak herrialdean integratzeko neurri baten berri eman zuen atzo George Bush presidenteak: «Gure immigrazio sistemak funtzionatzen duela, justua eta ordenatua dela, ziurtatzeko modu bat da pertsona hauek gure herrialdean integratzen laguntzea. Gure baloreak, historia eta hizkuntza ikastea esan nahi du horrek». Asmo hori aurrera eramateko lan talde bat eratzeko asmoa erakutsi zuen.
AEBetako Senatuak, bestetik, mugetan segurtasun neurriak gogortzeko aurrekontu saila handitu zuen atzo. Guardia Nazionaleko aurreneko 50 kideak aste honetan iritsi dira Mexikora. Orotara sei mila kide eramango dituzte. Urtero 1,2 milioi etorkin atxilotzen dituzte mugan.
Emigratzen duten bost pertsonetatik bat Ameriketako Estatu Batuetara joaten da
Azken hamabost urteetan 36 milioitan egin du gora sorlekutik alde egindako pertsonen kopuruak
(Puede haber caducado)