Konfinamenduan Ertzaintzak "gehiegikeria areagotu" duela salatu du SOS Arrazakeriak

Elkarteak aipaturiko lekukoen arabera, poliziek buruko gaitz bat duen gazte bat "indarkeriaz" atxilotu dute Bilboko San Frantzisko auzoan, eta haren ama ere "kolpatu" eta preso eraman dute.

Berria, Berria, 30-03-2020

SOS Arrazakeria elkarteak agiri bat plazaratu du iritzia emateko sareetan bolo-bolo dabilen bideo baten inguruan. Elkartearen arabera, irudiak gaurkoak dira, eta Bilboko San Frantzisko kaleko gertaera bat jasotzen dute. Erakundeak aipatzen dituen lekukoen arabera, Ertzaintzaren patruila batek gelditu egin du kalean erosketetatik etxera zihoan gazte bat. Lekuko horiek esan dutenez, gazteak buruko gaitz bat dauka, baina men egin die polizien aginduei.

Halere, borrarekin kolpatu dutela adierazi dute SOS Arrazakeriak aipatzen dituen lekukoek. Ondoren, haren ama heldu da, poliziei azaltzera gaztearen buruko osasun arazoak. Gaztea atxilotu egin dute, eta ama ere borrarekin kolpatu egin dute, eta lurrera bota, lekukoon eta bideoen arabera. Elkarteak oharrean adierazi duenez, zazpi polizia aritu dira ama-semeak atxilotzen. Preso eraman dituzte biak azkenean, auzoen protesten artean. Gauean utzi dituzte aske.

Elkarteak salatu du San Frantzisko auzoko biztanleak “pairatzen ari diren poliziaren gehiegikeria” areagotu egin dela konfinamenduarekin. Bilboko beste auzoetan ez dela halako “militarizaziorik eta presiorik” pairatzen adierazi dute. “Salatzen dugu etxe azpiko dendara erostera jaitsi den gazte arrazializatu baten aurka poliziak erabilitako gehiegikeria”, idatzi du elkarteak. “Salatzen dugu ere emakume etorkin baten kontrako gogorkeria, gaixorik dagoen seme baten defentsan etsituta garrasi ari den emakume baten kontrakoa, alegia”. Horrez gain, leihoetatik protesta egin duten auzoei poliziek eginiko “mehatxuak” salatu dituzte.

Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako Taldeen Koordinakudeak ere ohar bat kaleratu du, auzo horiek bizi duten “bazterkeria eta pobrezia” egoera salatzeko, zeina okertu egin baita alarma egoera indarrean jarri denetik auzo horietan bizitzen ari diren “polizia gehiegikeriekin”. “Neurriak ezarri direnetik, polizia autonomikoak eta udaltzaingoak militarizatu egin dituzte gure kaleak, beldurra eta tentsioa sortuz”, azaldu du taldeen koordinakundeak. Salatu du “abusuak” egiten ari direla poliziak, jendea kalean modu arbitrarioan eta zakar identifikatuz, eta horren kontra egin izan duten auzotar batzuei salaketak jarri dizkietela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)