Migrazioa

Pausa harrera gunean neurri bereziak jarri dituzte

117 pertsona daude Pausako egoitzan asteartetik konfinatuta. Elkargoak segurtasun sanitario neurriak iragarri ditu, koronabirusa gunean sartzea oztopatzeko.

Berria, Oihana Teyseyre Koskarat, 20-03-2020

Euskal Hirigune Elkargoaren esku dago Pausa, etorkinen Baionako harrera zentroa. Asteartean, Frantziako Gobernuak berrogeialdiari hasiera eman zion, pertsonen mugimenduak murrizteko. Bestalde, Hego Euskal Herriaren eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga itxi zuten Frantziako eta Espainiako Gobernuek. Hala, usaian muga pasatzen duten migranteak Irunen (Gipuzkoa) daude geldirik. Berrogeialdia hasi aitzin Baionara heldu zirenak ordea, Pausan daude eta elkargoak iragarri duenez, bertan egon beharko dute larrialdi egoerak irauten duen bitartean. Guztira, 117 pertsona daude egoitzan.

“Hainbeste pertsona leku berean izatea saihesteko”, Baionako Herriko Etxeak gela bat prestatu du, haur eta emakumeak aterpetzeko. Otorduak egiteko eta dutxa hartzeko, Pausara itzuli beharko dute hala ere. Izan ere, orain arte emakume eta haurrek Pausan erabiltzen duten gelan, gizonezkoak sartuko dituzte, bata bestearen arteko segurtasun distantziak mantendu ahal izateko. Bestalde, laguntzaileen joan-etorriak mugatzeko, elkargoak eguerdiko eta arratseko otorduak beregain hartuko ditu, eta banaketa Eole enpresak segurtatuko du. Laguntzaile kopurua ere mugatzea erabaki du elkargoak: otorduen garaian, bi laguntzaile soilik sartzen ahalko dira Pausara. Segurtasun agente bat bertan egonen da, gauetan.

Azkenik, bertan aterpetuak diren etorkinek kanpoan dituzten aktibitateak ezingo dituzte segitu, eta ateratzeko baimenik ez zaie emango. Laguntzaile, langile eta migrantei segurtasun neurriak betetzeko “ardura” eskatu die elkargoak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)