Hendaiako atxikitze zentrotik ihes egindako migratzaile bat hil da Baionako kartzelan

Atxikitze zentrotik ihes egiteagatik sei hilabeteko espetxe zigorra eta bost urtean Frantzia zapaltzeko debekua ezarri zizkioten.

Berria, BERRIA, 06-03-2020

Hendaiako migratzaileentzako atxikitze zentrotik ihes egin zuen 19 urteko marokoarrak, iazko azaroaren 29an. Beste lau lagunekin batera, leiho bat apurtu eta alde egitea lortu zuen. Atxilotu egin zuten, ordea, eta Baionako Auzitegiak espetxe zigorra ezarri zion abenduaren 3an. Ordutik hiri hartako espetxean zegoen, baina urtarrilaren 26an bere burua urkatu zuen zeldan. Ospitaleratu egin zuten, baina ordu batzuk geroago hil zen.

Atxilotutako bost gazteei sei hilabete eta urtebete arteko espetxe zigorrak ezarri zizkieten. Horrez gain, bost urtez Frantziaren menpeko lurretan egoteko debekua ezarri zieten. Bi marokoar —horietako bat da hildako gaztea—, bi aljeriar eta libiar bat dira, denak 19 eta 31 urte artekoak.

Larunbatean, heriotza salatzeko mobilizazio bat egingo dute Baionako espetxearen aurrean, goizeko 11:00etan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)