Euskarazko zinearen inguruko solasaldiarekin hasiko da Munoaundik antolatutako ziklo berria

Gaur izango da hitzaldia Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita eta herriko zinemagileek hartuko dute parte

Diario Vasco, E.A., 05-03-2020

Munoaundi kultur elkarteak hitzaldi ziklo berria aurkeztu du. Oraingoan iazko ekitaldiek izan zuten «harrera ona» gogora ekarri eta hitzaldi berriek «interesa handituko» dutelakoan daude arduradunak. Hala azaldu dute behintzat Basazabal jaureian egindako agerraldian. Ekitaldi «dinamikoagoak» prestatu dituztela azaldu du Ignacio Arakistain Munoaundiko kideak. Beraz, aurreko urtean hiru hitzaldi antolatu bazituzten, oraingoan lau izango dira. «Lehendabiziko biak lotuta ditugu eta uda aurretik izango dira. Beste biak, udazkenean egingo dira».

Denak, iluntzeko 19:00etan antolatu dituzte, Sanagustin kulturgunean. Lehen saioa gaur bertan izango da. Euskarazko zinearen inguruko hitzaldi eta mahai inguru batekin hasiko dute programazioa. Zigor Etxebeste irakasle eta zinematografian aditua zinemagintzaz ariko da eta ondoren, herri mailako ikuspegi batetik euskal zinemagintzaren alorra jorratuko da belaunaldi desberdinen begiradatik.

Bertan izango dira Xanti Rodriguez argazkilari eta zinegilea; Paola Moto zine teknikaria; Asier Sustaeta zinegilea eta Pello Elorza Zine klubeko kide ohia. Zinearen lehena eta oraina jorratuko dituzte.

Maiatzean izango da bigarren hitzaldia – data zehaztu gabe dute – eta errefuxiatuen gaia jorratuko dute. Hitzaldi eta ‘24 millas’ dokumentalaren bitartez, Aita Mari Salbamendu ontziaren egunerokotasuna izango dute hizpide SMH&rescue elkarteko presidenteorde eta Aita Mari itsasontziko boluntarioa den Iñigo Gutierrezen bitartez.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)