Etorkinei buruzko zurrumurru faltsuei aurre egiteko, Komunikatu ON programa

Diario Vasco, EL DIARIO VASCO, 05-03-2020

Zarauzko Udalak Komunikatu ON programa aurkeztu du. Gipuzkoako SOS Arrazakeriak antolatu duen programa honetan, Eusko Jaurlaritza eta Udalaren laguntzarekin, herriko lau ikastetxeek hartzen dute parte: Antoniano ikastetxea, Salbatore Mitxelena Ikastola, La Salle Zarautz Ikastetxea eta Lizardi institutuak. Ikastetxe batzuk proiektuarekin hasita daude dagoeneko.

Programaren helburu nagusiena atzerritik iritsitako bizilagun berriei buruz sortzen diren zurrumurruak, estereotipoak eta aurreiritziak zalantzan jartzea da, zurrumurru hauekiko pentsamendu kritikoa landuz.

Iratxe Zorrozua, Inmigrazio eta Kultur Aniztasunaren zinegotziaren esanetan, «programan parte hartzen duten ikasleek ikus – entzunezko produktu bat sortu eta herri osora zabalduko dute. Ekitaldia maiatzaren 7an izango da Modelo Aretoan. Etorkinei buruz bolo – bolo zabalduta dauden zurrumurru faltsuei aurre egin behar diegu».

Zazpi t’erdiko produktorako Pello Gutierrezek dioenez, «eskoletako gazteei aukera emango zaie ikus – entzunezkoaren bitartez, gai honi buruz esan eta sentitzen dutena adierazteko. Orain arte egin dituzten lanak oso desberdinak dira eta oso polita iruditu zaigu; emaitza Modelon ikusiko da».

Lizardi Institutoko Irati da proiektuan parte hartu duen ikasleetako bat. «Arrazakeriari buruz hitzaldi bat eman ziguten eta asko ikasi genuen. Ondoren, gure ideiak azaltzen hasi ginen eta gure bideoak prestatzen ibili gara. Asko ikasi dugu eta esperientzia oso ona izan da gu guztiontzat. Hesia, beldurra, familia… eta honelakoak izan dira gehien entzun ditugun hitzak».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)