Migrazioak. Erreskate ontziak
'Aita Mari' ontziak Sizilian lehorreratu ditu 158 migratzaile
Itsasontziak bi erreskate egin ditu azken egunetan, eta bete-beteta iritsi da Mesinnako portura. Eskifaiako kideek esan dute denak ondo daudela.
Berria, , 13-02-2020Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari ontziak erreskate bana egin zuen Mediterraneoan igandean eta astelehenean, eta, azkenean, gaur goizean lortu du orduan hartutako 158 migratzaileak Siziliako portu batean lehorreratzea, Mesinna hirian. Erromak asteartean eman zion horretarako baimena. Poliziak eta osasun zerbitzuetako langileak joan dira hara, migratzaileei osasun azterketak egitera.
Ontzia bete-beteta iritsi da uhartera. Mediterraneo erdialdean 93 lagun erreskatatu zituen igandean, eta beste 60 astelehen eguerdian. Eskifaiako kideek jakinarazi dutenez, denak ondo daude. Erreskatatutakoen artean 51 adingabe daude, eta haurdun dauden hiru emakumezko. Asteburuan salbatutakoek ordu asko zeramatzaten itsasoan, aski «kaskarra» zen txalupa batean; asteleheneko operazioan erreskatatu zituztenak itsasoa zakartzen ari zen une batean aurkitu zituzten. Lehen txalupan jasotakoak Afrikakoak dira ia denak; bigarrengoan hartutako gehienek Bangladeshen dute jatorria. 150 lagunentzat prestatuta dago ontzia, eta, beraz, beteta egon da.
Urtarrilaren 30ean atera zen ontzia salbamendu lanetara, Atenastik. Iazko azaroaren 22an, aurreko operazio batean, beste 78 migratzaile erreskatatu zituzten, eta, handik egun batzuetara, Siziliako Pozzalloko portuan lehorreratu zituzten. Garai batean atunontzi bat zen, eta, gaur egun, prestatuta daukate erreskate lanak egiteko.
Ontziko buruzagiek aurreko erreskatea bukatu eta berehala azaldu zuten jardunean jarraitzeko asmoa, eta Euskal Herrira ez itzultzekoa; izan ere, Espainiako agintariek itsasoratu ahal izateko eman zieten baimenean ez du propio jartzen erreskateak egin ditzaketenik, eta horrek sortzen die aparteko kezka. Ohartarazpen bat du baimenak: «Ezin du alderrai nabigatu horren bidez erreskateak egiteko».
(Puede haber caducado)