Bi errealitate ezberdin jasotzen ditu EAEko Etorkin Atzerritarrei buruzko Inkestak

Gara, Ion SALGADO, 12-02-2020

Inkestan bi errealitate ezberdin agertzen dira, izan ere Hego Amerikatik eta Europatik etorritako etorkinek duten diskriminazio – pertzepzioa oso txikia da Afrikatik eta Asiatik etorritakoekin konparatuta. Txinatarren kasuan %40,5ek gutxi integratu direla uste dute.

EAEn bizi diren Etorkin Atzerritarrei buruzko Inkesta (EABI 2018) aurkeztu du asteazken honetan Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak. Txostenean jasotako datuen arabera, lan – okupazioko maila ia %60 arte handitu da, eta diru – sarrerarik ez duten etorkinak %25etik behera izatera iritsi dira. Baliabide – iturri nagusi gisa DSBEPO sistema dutenen ehunekoa erdira jaitsi da, %7,6raino murriztuz.

Hala ere, Artolazabalek adierazi duenez, «herritarren artean prekarietate, zaurgarritasun eta hauskortasuneko arazoak ere agertzen dira, batez ere, jatorri afrikarra dutenen artean eta, neurri txikiagoan, Latinoamerikako zenbait herrialdetakoen artean. Halaber, diskriminazio – pertzepzio subjektiboa pixka bat handitu da, ia %90ek bertako herritarren artean integratzeko arazorik ez duela aitortzen duten arren».

Zentzu honetan, inkestan bi errealitate ezberdin agertzen direla azaldu beharra dago. Hala, Hego Amerikatik eta Europatik etorritako etorkinek duten diskriminazio – pertzepzioa oso txikia da Afrikatik eta Asiatik etorritakoekin konparatuz. Txinatarren kasuan %40,5ek gutxi integratu direla uste dute. Argentina, Txile eta Uruguaitik etorri diren etorkinen artean portzentaia %7,1ekoa da.

Txinatarren egoera

Ikerketan jasotakoaren arabera, kolektibo txinatarrak du lan – okupazio maila handiena; ez dute langabeziarik edo DSBErik edo bestelako gizarte – laguntzarik jasotzen. Jatorri txinatarreko kolektiboak aurrezten du gehien, baina euren burua gutxien integratuta ikusten dute eta bertako herritarrekin harremanak sortzeko asmo gutxi dute, 2010. urteaz geroztik hobekuntza nabarmena antzematen ari den arren.

Sailburuak jatorri txinatarra duen kolektiboaren errealitatea zehatzago aztertu du, «izan ere, planetako beste leku batzuetan kolektibo txinatarraren aurkako erreakzio xenofoboak ematen hasi baitira. Azpimarratu behar da osasun – arazoa koronabirusaren gaixotasunak eragiten duela, eta ez Txinako herritarrek».

Artolazabalek ohartarazi duenez, «inkesta honen ondorioetako bat da kolektibo batzuek bertako biztanleriarekin duten erlazio eskasak gogoeta arduratsu bat egitera eramaten gaituela, bazterketa edo isolamendu – prozesuak eragin ditzaketen jokabideei aurrea hartzeko».

«EABI 2018 honetan bildutako datuek baikor izatera eramaten gaituzte, planetaren beste puntu batzuetan jaiotako euskaldunekin gure gizarteak duen ahalmen inklusiboaren aurrean. Eta krisi ekonomikoa gainditzeak euskaldun berri horien integrazioa hobetu du. Euskadiko gehiengo politiko eta sozial zabalak izenpetutako Migraziorako Euskal Itun Sozialerako Proposamenak gizarteratze eta elkarrenganako onura hori hobetzeko esparrua eskaintzen digu», azpimarratu du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)