Migratzaileak
'Ocean Viking' ontziak 92 migratzaile erreskatatu ditu Mediterraneoan
Libiako kostatik 50 kilometrora, noraezean zegoen ontzi bat aurkitu dute. Migratzaileek osasun txarra zeukaten; tartean, haurrak eta haurdunak daude.
Berria, , 25-01-2020MGM Mugarik Gabeko Medikuak eta SOS Mediterraneo GKE-en Ocean Viking itsasontziak 92 migratzaile erreskatatu ditu gaur goizean Mediterraneoko uretan, Libiako kostatik 50 kilometrora. GKE-ek sare sozialetan azaldu dutenez, erreskate lanak zailak izan dira, operazioa egin dutenean, bi metroko olatuak eta 40 kilometro orduko haize ufadak baitzeuden.
Aurkitu duten ontzi pneumatikoan 38 haur zeuden; haietako 32 bakarrik zeuden, eta bi 5 urtetik beherakoak ziren. Emakumeak ere bazeuden, horietako bost, haurdun. Hainbat lagun, gainera, osasun egoera larrian zeuden: hipotermia eta zorabioak pairatzen ari ziren. Migratzaile gehienen jatorria Somalia da, baina Afrikako beste zenbait herrialdetakoak ere badaude: Boli Kostakoak, Malikoak, Kamerungoak…
Ocean Viking-ek gaur arte egindako azken operazioan, lau egun lehenago erreskatatutako 39 migratzaile lehorreratu zituen Pozzalon (Italia), joan den urtarrilaren 21ean. Italiako gobernu berriarekin, salbamendu ontziek arazo gutxiago dituzte migratzaileak bertan lehorrera daitezen.
(Puede haber caducado)