Vlaams Belangi diru laguntzak ken diezazkiola eskatu diote Belgikari

Eskuin muturreko alderdi nazionalista arrazista dela esan, eta hura zigortzea nahi dute hainbat alderdik

Berria, 03-06-2006

Vlaams Belangen inguruko betoa kentzeko eskaerak areagotuz doaz

Flandesko eskuin muturreko alderdia, Vlaams Blok hasieran (1978tik batez ere) eta honen ondorengo Vlaams Belang (2004tik) etengabe indartzen ari da azken hamarkadetan. Hori dela – eta, 1991n Flandesko eta Waloniako alderdiek beto akordioa – cordon sanitaire deitzen diote bai nederlanderaz bai frantsesez – hitzartu zuten VBren aurka. Ondorioz, ez diote gobernatzen uzten eta koalizioak osatuta betetzen dute haren tokia, nagusi den lekuetan. Alabaina, gero eta ahots gehiago altxatzen ari dira beto horren aurka, eta ez bakarrik kaltetuenen artetik. Hala, VLD alderdi liberaleko diputatu Jean – Marie Dedeckerrek betoa kentzeko eskatu du, bere alderdiaren irizpideari muzin eginda: «Jendeak bozkatzen duenean bere alderdiak [nagusituz gero] goberna dezan eskubidea du. Cordon sanitaire – ak ez du funtzionatzen. 15 urte dira hitzartu genuena, eta bitartean eskuin muturra hazten ari da». Alderdi batzuek, betoa mantentzeko, arrazakeriaren eta faxismoaren kontrako argudioez gain, bestelako interesak dituztela azaldu du Dedeckerrek: «Sozialistek ez dute horretaz [betoa kentzeaz] deus entzun nahi, haientzako bizi asegurua baita hura. Vlaams Belang Gobernutik kanpo izaki, derrigorrez egin behar dira itunak sozialistekin. Flandesko gehiengoak eskuinari bozkatzen dio, baina ezkerrak gobernatzen du». Anberes ondoko Schoten hiriko alkate demokristau Harrie Hendrickx ere iritzi berekoa da: «Argi dago alderdi arrazista baten aurrean gaudela, baina [Anberes eskualdean] %35ek bozkatu diote. Hori da demokrazia. Gobernatzea galarazteak biktima bihurtzen ditu haiek, eta botoak irabaz ditzaten eragiten du. Gobernatuko balute, jendeak ikusiko luke ez direla gai beren promesak betetzeko».

############

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)