Turkiak «ezingo ditu» errefuxiatu gehiago hartu
Berria, , 24-12-2019ANKARA. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak igandean jakinarazi zuen herrialdeak «ezingo» dituela «bere gain» hartu Siriako iheslari gehiago. Istanbulen (Turkia) egindako agerraldi batean azaldu zuen gutxienez 80.000 lagunek ihes egin dutela Siria ipar-mendebaldeko Idlib estatutik, eta Turkiarantz joan direla. Izan ere, Idliben nagusi dira muturreko talde sunitak eta Siriako talde matxinoak, eta haien aurka borrokan ari da Siriako Gobernua, Errusiaren laguntzarekin. Bonbardaketak ugaritu direnez, herritarrek ihes egin behar izan dute.
Erdoganek ohartarazi zuen Idlibeko iheslarien kopurua handitu egin daitekeela, eta Europako herrialde guztiek jasango dutela ondorioa, Greziak bereziki. Haiei galdegin die bere azken plana babesteko; alegia, errefuxiatuak Turkiak okupatu duen Siriako Kurdistanera eramatea. Bestela, azaldu du siriarrei «Europako ateak zabaltzera behartuta» egongo dela.
(Puede haber caducado)