Indiako herritartasun lege berriak protestak eragin ditu musulmanak baztertzeagatik

Herritartasuna lortu ahalko dute erlijio gutxituetako migratzaileek, islamistek izan ezik. Zortzi pertsona hil dira Poliziaren eta herritarren arteko istiluetan

Berria, Leire Artola Arin, 17-12-2019

Liskar bortitzak piztu ditu Indian herritartasunari buruzko lege erreformak. Herritarrek salatu dute musulmanak baztertzeko helburuz egin dutela. Izan ere, lege berriak baimena ematen die herritartasuna eskuratzeko Afganistango, Pakistango eta Bangladeshko errefuxiatuei, «erlijio gutxitu» hauetako parte badira: hindu, sikh, budista, jainista, parsi eta kristaua. Islamistek, ordea, ez dute aukera hori izango —erlijio nagusia da hiru herrialde horietan—. Lege berria aplikatuko zaie Indiara 2014ko abenduaren 31 baino lehen sartu zirenei. Indian, 1.350 milioi biztanle bizi dira, eta 4.000 talde etniko baino gehiago daude. Erlijio nagusia hindua da (%80,5), eta hurrengoa islama (%14).

BJP Indiako eskuin muturreko alderdi hindu nazionalistaren gobernuak argudiatu du «erlijioagatik jazarritako» migratzaileei asiloa eman nahi dietela joan den asteazkenean onartutako legearekin. Halere, NBE Nazio Batuen Erakundeak kezka azaldu du, legeak «oinarri diskriminatzailea» duelako, musulmanen kaltetan. Amit Shah Barne ministroak jakinarazi du herritarren errolda egin nahi duela gobernuak, «infiltratu bakoitza identifikatu eta Indiatik botatzeko». Beraz, bereziki arriskuan egongo dira egoera irregularrean dauden islamistak.

Legearekiko kritikoek esan dute helburua benetan «talde gutxituak babestea» balitz kontuan hartu beharko lituzketela haien herrialdeetan jazarriak diren gutxiengo musulmanak ere: rohingyak Myanmarren eta ahmadiak Pakistanen, esaterako. Kontrara, Indiako Gobernuak rohingya errefuxiatuak babestu ez, baizik deportatu nahi ditu.

Oposizioak ere gogor kritikatu du herritartasun legearen erreforma. Kongresuko Alderdiko liderretako batek, Ghulam Nabi Azadek, esan du «konstituzioari burla» egin diotela, ez duelako laikotasuna errespetatzen: «Ezin ditugu nahastu herritartasuna eta erlijioa».

Zortzi hildako protestetan

Joan den ostegunean herritartasun legearen aurka hasi zituzten protestak India osora zabaldu dira. Orain arte, polizien eta manifestarien arteko istiluek gutxienez zortzi hildako eta ehunka zauritu eragin dituzte. New Delhi hiriburuan piztu dira istilurik bortitzenak, eta zenbait hiritako unibertsitateetan izan dute indar handien.

Jamia Millia Islamia Unibertsitatean manifestazio bat egin zuten igandean, eta Poliziaren eta manifestarien artean liskarrak egon ziren. Poliziak negar gasak eta borrak erabili zituen, eta 35 manifestari atxilotu. Unibertsitateak Poliziaren errepresioa salatu du, eta esan du baimenik gabe sartu zirela unibertsitatean, bertan zeuden ikasle eta langileen aurka oldartzeko. Gutxienez 200 ikasle zauritu zituzten, eta kalte materialak eragin. Najma Akhar errektoreordeak azaldu du Poliziaren jarrera salatuko dutela epaitegian. Indiako Alderdi Komunistako buru den Sitaram Yechuryk ere gaitzetsi egin du Poliziaren «basakeria».

Poliziak esan du manifestari batzuek harriak bota zizkietela eta ibilgailuak erre zituztela, eta argudiatu du protestak gelditzeko «beharrezkoa zena» egin zutela. Eremu batzuetan Internet zerbitzua kendu dute, eta etxeratzeko agindua ezarri.

Migratzaileen «beldur»

Assam ipar-ekialdeko estatuan ere izan dira herritartasun legearen aurkako protestak. Hor, ordea, herritarrek salatu dute migratzaile oldeak ekarriko dituela, eta «eraldaketa demografikoa» areagotu. Assam Indiako estaturik konplexuenetakoa da —Bangladesh, Txina eta Myanmarren artean dago—, eta etnia ugari bizi dira han. 1947ko Bangladeshko Independentzia Gerraren ostean milioika bangladeshtar erbesteratu ziren Indiara, Assamen lekua hartuz. Etnien artean liskar ugari izan dira azken urteetan. Orain, «beldur» dira migratzaile gehiago etorri eta tentsioa handituko ote den.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)