Etorkinek protagonizatutako dokumental saio batek ezusteko datuak lortu ditu TV3n

'Prime-time' ordutegian ematen dute programa, eta batez beste %27,6ko audientzia du Katalunian

Berria, 01-06-2006

URTZI URKIZU

Donostia

Dokumentalak jende gutxik ikusten dituela diote. Kasu gehienetan horrela izango da, baina Katalunian salbuespen adierazgarriak daude. Denboraldi honetan, TV3 katean Un lloc estrany dokumental programa izan da berrikuntza arrakastatsuena (astelehenetan, 21:30ean ematen dute). Soilik beste bi programek lortu dituzte Kataluniako kate publikoan datu hobeak: Caçador de bolets perretxiko bilatzaileei buruzko doku – serieak eta Ventdelpla telesailak.

Martxoaren 27an estreinatu zenetik, Un lloc estrany – k %27,6ko batez besteko audientzia lortu du, katearen batez bestekoa baino zazpi puntu eta erdi gehiago.

TVCko Documentals y Nous Formats sailak ekoizten du programa, eta bertan etorkinek Kataluniako eta Espainiako herritarren ohituren inguruan hitz egiten dute. «Antropologo lanak bete ditzaten eta ironiaz betetako erretratuak egin ditzaten eskatzen diegu. Gure buruaz barre egiten dugu», azaldu du Miquel Garciak, TVCko formatu berrien arduradunak.

Fulvia Nicolasek zuzendutako saioan, astero gai baten inguruan hitz egiten dute: lana, erlijioa, gastronomia, familia, harreman pertsonalak eta sexualak, heriotza, hizkuntza… Hainbat herrialdetako 60 pertsona elkarrizketatu zituzten 2005eko udaberrian, haien ikuspuntua eman eta Kataluniako ohiturak komenta zitzaten. 25 minutuko iraupena du atal bakoitzak, eta elkarrizketen zatiak modu arinean josiak daude.

Programarako etorkinen artean, Afrikakoak dira 10, Latinoamerikakoak 11, Asiakoak 12 eta Europakoak 24. Groenlandiako eskimal bat, Australiako etorkin bat eta Ipar Amerikako beste bi ere badaude protagonisten artean. Haien herrialdeetako gauzak ezagutzeko era balio du Un lloc estrany – k.

Programaren 13 ataletatik 10 eman dituzte orain arte. Hasiera batean saioak denboraldi batekoa izan behar zuen, baina ikus – entzule kopurua kontuan hartuta, beste atal sorta bat egitea erabaki dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)