Herri indigenen zinemaren isla eskainiko du Mexikok bihartik
Jaialdia antolatu du Herri Indigenen Zinemaren eta Komunikazioaren Koordinakundeak
Berria, 01-06-2006EDURNE ELIZONDO
Iruñea
Herri indigenen ahots izan nahi duten lanak. Horiek dira Mexikon, Oaxacan, bihartik aurrera eginen duten zinema eta bideo jaialdian ikusi ahal izanen direnak. Latinoamerikako Herri Indiginen Zinemaren eta Komunikazioaren Koordinakundeak antolatu du, zortzigarrenez.
Herri indigenen berri eman. Haien kulturaren eta proiektuen berri eman. Hori da jaialdian bistaratuko dituzten lanen xedea. Antolatzaileek argi dute: «Indigenek zinema eta bideoa baliatzen dute berez – berezko adierazpidea bultzatzeko, herri indigenen benetako garapena sendotzeko».
Oaxacako jaialdia bihar hasiko da; aurretik, hala ere, egon da ekitaldirik. Mexikoko indigenen 80tik gora komunitatetan erakutsi dituzte jaialdian parte hartuko duten bideo lanak.
Oaxacako egitarauari dagokionez, biharko inaugurazio ekitaldiaren ondotik, etzi hasiko da zinema eta bideo lanen lehiaketa; ekainaren 9a bitarte bistaratuko dituzte filmak. Egun horretan bertan banatuko dituzte sariak.
BESTELAKO EKIMENAK. Filmak izanen dira jaialdiaren ardatz, baina izanen da bestelako ekimenik, hitzaldiak eta mahai – inguruak, besteak beste. Lehiaketa ofizialean hamazazpi herritako 58 lan erakutsiko dituzte. Erakustaldi bereziak izanen dira, gainera, Australiako, Kanadako eta Amerikako Estatu Batuetako indigenen zinema eta bideo lanei buruz.
Lehiaketatik at, halaber, Herri Indigenenen Zinemaren eta Komunikazioaren Koordinakundeak berak hainbat lan erakutsiko ditu. Tarte berezia beteko dute, bestalde, Mexikoko emakume indigenen inguruan 1930az geroztik egin diren lanek. Horri lotuta, Mexikoko ikus – entzunezko hedabideek emakume indigenari buruz ematen duten irudiaren gainean eztabaidatuko dute mahai – inguru batean.
Egileek izanen dute elkarrekin hitz egiteko eta esperientziak partekatzeko aukera Oaxacan, hilaren 5ean, 6an eta 8an topaketa eginen baitute. AEBetako indigenen zinemaren esparruan aitzindari izan den Victor Masayesvak parte hartuko du jaialdian, besteak beste, eta haren hitzaldia izanen da hilaren 7an. Egun berean mintzatuko da Micken Newnham Australiako Soinu eta Zinema Artxibo Nazionaleko kidea ere. Asiako hego – kialdean ikus – entzunezko artxiboak sortzen esperientzia luzea du Newnhamek.
Oaxacan izanen da, halaber, Senegalgo zinemagile Mansour Sora Wade. Bere herrialdeko zinema eta bideo ekoizpenaz hitz egingo du hilaren 9an, jaialdia amaituko den egunean, alegia.
www.clacpi.org
(Puede haber caducado)