MIGRATZAILEAK
Frantziako Poliziak migratzaile kanpaleku bat hustu du Paris inguruan
"Immigrazio ilegalaren" aurkako kanpainaren barruan kokatu dute operazioa. 200 eta 300 migratzaile artean zeuden kanpalekuan.
Berria, , 28-11-2019Jendarmeek 200 eta 300 migratzaile artean zeuden kanpaleku bat hustu du, Paris iparraldean. “Immigrazio ilegalaren” aurkako neurriekin bat egiten duen operazioa dela argudiatu du Frantziako Poliziak. Emmanuel Macron presidenteak hilabete hasieran hartu zuen migratzaileek eginiko kanpalekuak husteko konpromisoa. Horrez gain, migratzaileak hartzeko kuotak ezarriko zituela azaldu zuen Frantziako Gobernuak, lan merkatuaren beharren arabera. Asilo eskaeretan ere mugak ezartzeko asmoa adierazi zuten. “Gure migrazio politiken kontrola berreskuratu behar dugu”, azaldu zuen Edouard Philippe lehen ministroak. Halere, kanpalekuen aurkako lanak ez dira berriak. 2015. urtetik 50 operaziotik gora egin dituzte.
Migratzaileak inguruko aterpe, harrera etxe eta pabilioietara eramango dituztela adierazi dute, euren egoera aztertzeko. Gaurkoa, ordea, ez da azkenaldian eginiko migratzaileen aurkako operazio bakarra. Frantziako Gobernuak migrazio politikak gogortu eta biharamunean, Poliziak 1.606 lagun atera zituen Paris inguruko beste bi kanpalekutatik, azaroaren lehen egunetan.
Paris inguruan sortu diren kanpalekuak Calaisen zegoena hustu ostean areagotu dira. 5.600 lagun inguru bizi ziren han, tartean, 1.500 adin txikiko. Duela hiru urte, ordea, Frantziako Poliziak kanpalekua desegin zuen, eta izena ematen ez zuen pertsona oro atxilotu.
(Puede haber caducado)